Bikote bat txapelketatik kanpo eta beste batek fandango
Binakako Txapelketak bikote finalista bat izango du asteburu honetan, eta beste bikote bat jokoz kanpo geratuko da. Larunbat honetan, Donostiako Atanon, jokatuko da hil ala bizikoa. Igandean, berriz, sari potoloa izango dute jokoan Gasteizko Ogeta pilotalekuan.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Eskuz binakakoa final handira gerturatzen doa, eta dagoeneko bertan izango den bikote bat ezagutuko dugu asteburu honetan, igandean zehazki. Laso-Albisu eta Altuna-Ezkurdia ariko dira borroka horretan Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Irabazten duena finalera, galtzen duenak hirugarren eta azken jardunaldian izango du jokoan txartela. Aurretik, ordea, larunbatean Donostiako Atanon jokatuko den partidan, bikote bat txapelketatik kanpo geratuko da. Elordi-Zabaleta eta Jaka-Iztueta izango dira nor baino nor bizirauteko borroka horretan.
B Seriean berdin, Legution, Salaberria-Gaskue eta Peña-Landa ariko dira elkarren aurka txapelketan bizirauteko lehia horretan. Landak Salaverri ordezkatuko du. Eta larunbatean, Arnedon, Dario-Loza eta Murua-Gabirondo aurrez aurre, lehen jardunaldiko bi garaileak, eta ligaxkan lehen bi postuetan amaitu zuten bikoteak. Irabazten duenak finalerako txartela eskuratuko du.
Hauek esanda, Katedran ere azken txanpara goaz txapelketarekin batera, eta puntuak pilatzeko premia badago lehen postuetara gerturatzeko helburuz, baita noski jardunaldia irabazi eta saria eskuratzeko ere.