IRRATIA
Elkarrizketa

Beñat Zubizarretak profesionaletan debuta egingo du, Iraitz anaiaren bidea eta jarrera eredu

Ataunek 1.716 biztanle ditu. Iaz hiru pilotari profesional zituen herriak, eta aurten 4 izango ditu. Beraz, Ataungo herriaren biztanleria osoaren %0,23 dira pilotari profesional. Ez da datu makala. Beñat Zubizarretak larunbatean egingo du debuta, eta Iraitz anaiak zenbait gomendio eman dizkio. 

Zubizarreta anaiak Aia auzoko frontoian (NAIZ irratia)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Beñat Zubizarreta debuta egingo duen hurrengo ataundarra izango da. Larunbat honetan, otsailaren 21ean Azkoitian jokatuko du lehengo aldiz profesional mailan, eta bi autobus bete dituzte herritarrek eta lagunek. Partida horren atarian, Beñat Zubizarreta eta Iraitz Zubizarreta NAIZ irratiko galderak erantzun dituzte Ataungo Aia auzoko frontoian. 

Beraz, igandetik aurrera Goierriko herri honek 4 pilotari profesional izango ditu: Jon Ander Albisu, Beñat Senar, Iraitz Zubizarreta eta Beñat Zubizarreta. Partida horren atarikoan gogotsu dagoela aitortu du anai gazteak: «Eguna iristeko irrikitan nago, eta egun polita izatea espero dut». Azaldu duenez, helburua «ahalik eta gehien disfrutatzea» da; izan ere, azken hilabetean partida egunean besterik ez du pentsatu. Zubizarreta IV.a izenarekin jokatuko duen aurrelariak bere debuta publiko egin zenetik «makina bat mezu» jaso dituela onartu du, eta gertukoen babesa eskertu du. 

Gertu egon den horietako bat Iraitz Zubizarreta izan da, anai nagusia. Badira 5 urte Iraitzek debuta egin zuenetik, herriko frontoian gainera, eta oroitzapen «oso politak» ditu: «Egun handia izan zen, betirako gordeko dudan eguna». Jon Ander Albisu herrikidearekin egin zuen debuta, eta frontoian jendetza batu zela gogoratu du. Bere anaiaren debuta hizpide, giroa ez dela faltako nabarmendu du: «Ingurukoak Azkoitira joango gara, ahalik eta gehien disfrutatu dezan». 

«Lasai egotea eta disfrutatzea», hori da Iraitzek anai gazteari eman dion aholkua. Zubizarreta III.aren ustez lehen eguna «ezberdina» da, «orain arte egindako bideari saria». «Behin larunbateko partida bukaturik, profesional ibilbidea hasiko da, baina hasiera-hasieratik lasai jokatu behar du», azpimarratu du.

Zubizarreta IV.ak larunbatean jokatuko badu, ostegun arratsaldean Zubizarreta III.aren txanda izango da; eta, bi partidek badute kontu bat amankomunean: bi anaiek Imaz izango dute atzeko koadroetan zaindari, eta Beñatek hitz politak eskaini dizkio Oiartzungo pilotariari: «Punta-puntako atzelaria da eta azken urteotan maila bikaina eman du». 

Binakako txapelketa eta etorkizuna

Zubizarreta III.ak Serie Bko Binakako txapelketa jokatu berri du, eta «emaitza ez da ona izan». Izan ere, play offetatik at geratu da Arangurenekin osatu duen bikotea: «Lehen itzuli kaxkarra egin genuen eta zaila da egoera iraultzea behin dinamika horretan murgildurik zaudela». Bigarren itzulian hobeto aritu badira ere, ez da aski izan eta 5 punturekin kanporatuak izan dira. Emaitzarekin «triste», «sendotasuna» falta izan zaiela onartu du, baina «etorkizuneko erronkei heltzeko prest» dago Iraitz.

Anai helduak hurrengo partidak «ahalik eta ondoen» jokatzeko helburua du, buruz burukoa «jokatzeko aukera izateko eta maila onenean iristeko». Zubizarreta IV.ak larunbateko partidan «zentraturik» dago, eta ondoren zer datorren ikusi beharko dela argudiatu du. Profesionalen «erritmora ohitzeko» tenorea izango dela gaineratu du. 

Aldaketak omen datoz pilotan

Kirol emaitzak gainditurik, bolo-bolo dagoen gaia ere aztertu dute anaiek. Bainetek ASPE bereganatu du, eta ezjakintasuna da nagusi. Beñatek ez dauka iritzi argirik, eta «iritsi berria» den horretan aurkitu du babeslekua. Iraitzek ere bide horretatik jo du, «oraindik datu asko» falta direla aipatuz. «Onerako badira, ongietorria izango da aldaketa; beti ere, pilotarion eta enpresako langileen baldintzak zaintzen eta errespetatzen badira» gehitu du. 

Hilabete bat igaro da albistea publiko egin zenetik, eta Bidartek prentsaurrekoan azalpenak eman zituenetik, baina oraindik ere pilotariek ez dakite zer datorren, salerosketak zer ondorio izango dituen. Horiek horrela, goiz da iritzi sendo bat izateko, baina moduek mina eragin dute pilotarengan.