«Konpositoreak ez du instrumentuarentzat idazten, instrumentistarentzat baizik»
Kataluniako Musikari Gazteen Federazioak musikagile gazteei zuzendutako beka bat irabazi berritan etorri zaigu Jon Esnaola Agirre Bigarren Kafera. Epaimahaiko kide batek hautatuen artean zegoela esateko deitu zionean «oso urduri» jarri zela aitortu digu.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
«Hautatu gaituzten lau musikaritatik hiruk Musikenen ikasi dugu eta horrek erakusten du harrobi ona dagoela». Beka deialdira aurkeztu zenean ez zuen partiturarik aurkeztu. «Nire obra nondik nora joango den azaltzen duen memoria bat bidali behar izan nuen».
Bi obra aurkeztu beharko ditu orain Esnaolak. Xuxurlak obra sinfonikoa izango da bata eta Oihuen oihartzun, ganbera lana izango dena. Lehena ekainerako aurkeztu beharko du eta bigarrena irailerako. Lan hauetan eta berak aurretik egindako konposizioetan ahotsak duen pisua azpimarratu digu. «Denek dute ahotsarekin zerbait, beti izan du ahotsarekiko interesa eta orain presenteago daukat».
Bekaren helburuetako bat konpositorearen eta orkestraren arteko harremana sustatzea da. Zentzu horretan, harreman hori zaintzea gustatzen zaiola aitortu du Esnaolak. «Musikariekin entseguetatik kanpo harremanak izaten ere saiatzen naiz, horrek gero gauzak errazten dituela uste dudalako». Zuzendariarekin izaten duen harremanaz ere aritu da. «Asko gustatzen zait zuzendariak obra bere egiten duenean».
Entzun Jon Esnaola Agirrerekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.