IRRATIA
Elkarrizketa
Gaizka Zabarte
Zaldibar Argitu plataformako kidea

«Zergatik amildu zen zabortegia eta norenak diren ardurak, hori da garrantzitsuena»

Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaren seigarren urteurrenaren atarian, Gaizka Zabarte Zaldibar Argitu plataformako kidea NAIZ Irratian izan da. Auzi judizialen egoera eta Lakuaren izan ditu hizpide. Epaitegiko azken urratsek «begirada beste norabide batera eramateko arriskua» dakartela uste du.

Gaizka Zabarte, Zaldibar Argitu plataformako kidea, Zaldibarko zabortegian gertaturiko istripu larriko protestan. (Juanan Ruiz | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Zaldibarko zabortegiaren hondamenditik sei urte bete direnean, oraindik ere galdera nagusiek erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu du Gaizka Zabartek. Zaldibar Argitu plataformako kideak ohartarazi du auzia berriz ere gaurkotasunera ekarri duten azken informazioek ez dutela zertan egia argitzeko balio.

Duela astebete ezagutzera eman zenez, EH Bilduko alkate ohia inputatu gisa deitu du Durangoko Auzitegiak, beste zenbait pertsonekin batera. Eta hortik egun gutxira NAIZek argitara eman zuenez, Arantza Baigorriri leporatzen zaion berdina egin zuen egun EAEko lehendakari den Imanol Pradalesek, Bizkaiko diputatua zen garaian. Zabarteren hitzetan, «azken asteotan gertatu denak begirada beste norabide batera eramateko arriskua dakar», eta azpimarratu du lehentasuna argia dela: «Zergatik amildu zen zabortegia eta noren ardurapean gertatu zen argitzea». 

Plataformak gogorarazi du 2020tik zabalik dagoen ingurumenaren aurkako delituen auzia oraindik instrukzio fasean dagoela, eta etengabe luzatzen ari dela. Egoera horren aurrean, Zabartek adierazi duenez, «sei urte eta erdi igaro ondoren, ezinbestekoa da epaileak ikerketaren ondorioak argitara ematea eta ardurak seinalatzea».

Lakuaren papera bereziki azpimarratu du Zaldibar Argituko kideak, ikuskaritzan izandako hutsuneak direla eta. «Hau ez da enpresarien diru-gosearen ondorio hutsa; administrazioak ahalbidetu egin zuen gertatutakoa», esan du.

Ardurak argitzeko itxaropenari dagokionez, plataformak jarrera zuhurra du. Zabarteren esanetan, «eszeptikoak gara, nahiz eta ikerketa epaitegien esku egoteak aukera bat irekitzen duen». Gaur-gaurkoz, Eusko Jaurlaritzako hiru teknikari daude ikertuen artean, baina ez arduradun politikorik.

Bestalde, zabortegiaren zigilatze eta berreskuratze lanek izan duten kostu ekonomikoari ere erreparatu dio. «Inork ez du sinisten enpresek milioika euroko kostu horiek ordainduko dituztenik», esan du, eta uste du gastu horiek «herritar guztion bizkarrean» geldituko direla.

Azkenik, Zaldibarrek betetzen zuen funtzioari buruz galdetuta, Zabartek aitortu du ez dagoela informazio argirik gaur egun hondakin industrialak nora bideratzen diren jakiteko: «Galdera ona da, baina guk ere ez daukagu erantzunik».

Zaldibar Argitu plataformak igande honetarako deitutako elkarretaratzearekin egia, justizia eta erantzukizunak exijitzen jarraitzeko deia egin du, Zaldibarko hondamendia ahaztuta gera ez dadin.

Ekitaldiari begira Zaldibar Argituk atera duen oharrak dioenez, larriena zera da: «2015a baino lehenagokoak preskribatuta daudela argudiatuta, epaileak uko egiten dio hori ikertzeari. Ondorioz, batetik testuingurua desitxuratzeko arriskua dago, eta bestetik zabortegia bultzatu eta sostengatu zuten hainbat udal agintariren ardurak ez ikertzeko asmo nabarmenegia».