IRRATIA

Fable, Forza Horizon 6 edo Beast of Reincarnation ikusi ditugu Xbox Developer_Direct emanaldian

Dragoi Bolak 40. urteurrena bideojoko berriarekin ospatu du. Ubisoft-ek berregituraketa handia iragarri du.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Xboxek 2026ko Developer_Direct aurkezpena prestatu du, hainbat bideojoko eta talde bilduta. Playground Games estudioaren Fable zein Forza Horizon 6 mugimenduan ikusteko aukera eduki dugu; gainera, Game Freak japoniarraren —alegia, Pokémon jokoen sortzailearen— Beast of Reincarnation berezia ere erakutsi dute emanaldian.

Ezusteko batekin etorri dira, bukatzeko: Double Fine talde mitikoak Kiln borroka joko multijokalari berezia iragarri du. Pitxerrak eta ontziak elkarren kontra jarriko ditu, baina partiden aurretik geu arduratu beharko gara buztinlari lanak burutzeaz.

Japoniara begira jarrita, Toei Animation enpresak Dragoi Bolaren 40. urteurrena ospatu du Genkidamatsuri jaialdiarekin. Anime berriak eta bideo bereziak agertu dira ospakizunean, besteak beste, baina Son Gokuren unibertsoan girotutako bideojoko berria ezagutzeko aukera ere izan dugu: Dragon Ball Age 1.000 proiektu misteriotsua.

Albiste txarrak ere ekarri ditugu Game Erauntsia irratsaiora. Ubisoftek berregituratze handia, kaleratzeak, ezeztapenak eta berandutzeak aditzera eman ditu. Joko ugari bertan behera utzi dituzte: horien artean dago Prince of Persia The Sands of Time berregitea. Are gehiago, garatzaileak eta estudioak bost talde edo etxe handitan banatu ditu enpresa frantsesak; dirudienez, bakoitzak bideojokoen genero edo ikuspegi orokor bati helduko dio.

Mario iturginarekin bukatu dugu. Super Mario Bros. Wonder – Nintendo Switch 2 Edition + Meetup in Bellabel Park espantsioa martxoaren 26an estreinatuko dela aditzera eman du Nintendo-k, ekarriko dituen xehetasunak nabarmenduta.