Edurtzeta Ania (Haize-arrosa)
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Edurtzeta Ania (Durango, 1981) hiru ahizpetatik gazteena da. 9 urterekin panderoko klaseak hartu zituen Kepa Junkeraren eskutik. 12rekin trikiti txapelketetan parte hartzen hasi zen eta hainbat sari irabazi zituen, besteak beste, Bizkaiko pandero jotzaile onenaren saria.
Gazte-gazterik, Zamudioko Bertoko musika tresnen elkartean panderoko klaseak ematen hasi zen, bertan 20 urtetik gora eman ditu. Aldi berean, 16 urterekin (1997an), Ene Bada taldea sortu zuen Eneritz Gorrotxategirekin (bi disko). 2022an Haize-arrosa taldea sortu eta bi CD argitaratu ditu. Hezkuntza irakaslea da, Durangaldean. Bi ume ditu.
Edurtzetak solasaldian erabili duen ahots tonua erakargarria da, bestela ere bai. Lasaitasunera eramaten zaitu lehen esalditik. Komunikatzeko izugarrizko erraztasuna du eta nabari zaizkio dohainak. Peter Pan-en sindromea duela aitortu du berrogeiak bete ondoren. Hezitzaileek eskoletako geletan eredu izan behar dutela uste du.
Edurtzeta Ania kantari eta pandero jotzaileak, lehen Ene Badan eta egun Haize-arrosan, solasaldi bizia utzi digu Otea Lili saioan. Arduratik hitz egin du. Hemen esandakoaren laburpen txiki bat:
«Hezitzaileok eredu izan behar dugu». «Umeei egunero ematen zaizkien mezuak etxean jasotzen dituzte. Hezi etxean egin behar da».
«Eguneroko hizkeran badaude hainbat esamolde eta hitz, normaltzat hartu izan ditugunak, baina diskriminatzaileak diren horiek kendu behar ditugu».
«Futbolean ematen diren jarrerak bereziki erasokorrak dira eta ikasleentzat eredu bihurtu dira jarrera desegokiak eskolako jolas orduan».
«Hitz egiten ongi dakigu, zer den politikoki zuzena ikasi dugu, baina zer egiten dugun beste gauza bat da».
«Geure buruari errespetua zor diogu eta aurrean dugunari ere bai, eta hortik aurrera ez diogu inori ezer zor».
«Emakumezkoak maite dituzten gizonak maitatuko ditugu, besteak ez».
«Abusuan botere desoreka bat dago, traumak eta zauriak sortzen ditu, eta hor elkarrizketaren bidez ez dago ezer konpontzerik».
«Trans emakumea emakumea da».
«Poztasun eternoa erakusten da normalean sareetan, beste guztia ez da erakusten. Geure gorputzez preso gara gero eta gehiago»
“Sorginek bere garaian sistemaren arauak apurtzen zituzten ahaldunduta zeudelako. Gaur egun ere sorginak badaude jarreretan, ikuspegietan bizitzeko moduetan...”