IRRATIA

«Lehen arreta egoera larrian dago»

Elorrioko Pentsiodunen Mugimenduak astelehen honetan Osakidetzak herrian bertan eta eskualdean bizi duen egoera salatu du. OSI Durangaldeari, Osakidetzari, Udalari eta herritarrei beren kezka helarazi diote. Jesus Aristegi plataformako kidea NAIZ Irratian izan da honen berri emateko.

Elorrioko Pentsiodunen Mugimenduak eginiko elkarretaratzea anbulatorio aurrean (Elorrioko Pentsiodunen Mugimendua)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Egun osasun zerbitzu publikoak arazo larriak dituela salatu dute Elorrioko Pentsiodunen Mugimendutik. Jesus Aristegi, plataformako kidearen esanetan «lehen arretaren egoera oso larria da». Ekintzaileak lehen arretaren egoera oso larria dela bai, baina osasun sistema publikoaren beste gabezietako bat besterik ez dela salatu du. Espezialisten kasuan ere mediku gutxi daudela adierazi du, pediatren kasuan adibidez.

«Pasa den urteko urriaren 14ean adibidez, 2 mediku falta ziren; urriaren 20an Elorrioko osasun zentroa itxita egon zen, bakarrik larrialdiak artatzeko zabaldu zuten. Gero azaroan osasun zentroan egon behar zuten 5 medikutik 3 bakarrik zeuden, eta pediatria zerbitzu falta. Dena horrela izan da azken hiru eta lau hilabeteetan zehar; egon dira egunak osasun zentroa itxita zegoela, urgentzietarako bakarrik irekita; bi mediku bakarrik egon diren egunak ere izan dira, jendea beste herrietara bideratu behar izan dutenak...».

Salatzen ari direna atzetik datorren dinamika baten parte dela azaldu du Aristegik. «Kontu hau duela 2 urtetik dator. Guk mobilizazioak ordutik egin ditugu, bai pentsiodunen mugimendutik baita OPArekin ere, osasun publikoaren aldeko plataformekin».

Pribatizazioa tartean

Elorrioko Pentsiodunen Plataformako kideak azken boladako dinamika hauen atzean osasun zerbitzu pribatuaren aldeko apustua dagoela salatu du. «Eskualdeko osasun zerbitzuaren %40 pseudopribatua da egun». Mediku faltak eta itxarote zerrenda luzeek jendeak osasun zerbitzu pribatura jotzea eragiten duela azaldu du Aristegik.

Bestalde, zerbitzu pribatua beste munduko ezer ez dela azpimarratu du, Aristegiren esanetan «jendeak gauza benetan grabe bat duenean, beste aldera joaten dira (publikora)». Horregatik, eredu pribatuaren sustatze garaiean bizi garen honetan, herritarrek erantzun egin behar dutela azpimarratu du.

Erakundeei eskakizunak

Aristegik arazo honi konponbidea emateko hainbat ardatz nabarmendu ditu: mediku espezialistetan eta medikuetan inbertsio gehiago egitea, hau da, mediku plantilla indartzea. Medikuak badirela azaldu du plataformako kideak, ez nahikoa, eta horiek baldintza prekarioetan lan egitera behartzen dituztela azaldu du. «Hona iristen diren langileen gehiengoa ebentualak dira»

Bestalde Osakidetzako aurrekontua handitzeko deia egin du, espainiar estatua adibide jarriz, KPIarekin alderatuta EAE inbertsio gutxien egiten duen lurraldea dela argitu du. Ondorioz, inbertsio orokorra handiago izan beharko litzakeela azpimarratu du.