Elur arteko egunak Pirinioetan barrena
Urrutira joan gabe elurraz gozatzeko proposamena dakargu aste honetan. San Martingo Harria eta Izaba inguruan.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Gure mendi eta hirietan elurraren bisita izan dugun aste hauetan neguaren bihotzean kokatu gara. Horregatik, une egokia da elur arteko egunak planifikatzeko eta familiarekin gozatzeko. Elurretara joan aurretik, ordea, hainbat gai hartu behar dira kontuan: zer onura ekarriko ditu bidaia honek? Nola jantzi hotzari aurre egiteko? Nola prestatu autoa nahiz autokarabana elurretan ibiltzeko? Honek guztiak bidaia arrakastatsua izan dadila erraztuko du.
Gomendioei jarraituz, Biarnoko mugetaraino bidaiatuko dugu neguko kirolez gozatzeko, aurrena. Nafarroako Erronkari bailaran zehar bidaiatuko dugu, ondoren bertako herriak, aisialdi eskaintza eta gastronomia ezagutzeko asmoz.
Zergatik elurretara familiarekin?
Aurreneko elurtea iristen denean, irrikitan izaten gara elurretara joateko. Baina aurrena, elurrak zer nolako eragina duen gugan aztertu behar dugu.
Elurra ikusten dugunean sortzen den egoera psikologikoak eguneroko estresarekin haustea eragiten digu. Mendian dagoen isiltasunak eta kolore zuriaren garbitasunak kortisol maila gutxitzen laguntzen dute eta, horren ondorioz, estres maila apaldu egiten da. Gainera, haurrentzat jolas librea sustatzen duen ingurunea da eta helduentzat pantailarik gabekoa.
Elurretan ibiltzeko prestaketa uneak garrantzi berezia hartzen du. Familiako kideen artean elkarlana sustatzen du: botak janzten elkarri laguntzeak edota elur-panpina egiteak komunikazioa eta parte-hartzea handitzen ditu eta familia ekipo bat dela sentiarazten digu.
Hau dena gutxi balitz, elurretan erori gabe ibiltzeak edo maldan behera irristatzeak, adibidez, autoestimua eta konfiantza areagotzen ditu. Azken batean, erraz lor daitezkeen erronka txikiak dira.
Beraz, orokorrean, elurretara joatea oso positiboa da eta onurak baino ez dituela eskaintzen esan daiteke. Haurrekin joateko ere oso gomendagarria da. Kirola praktikatzeaz edota elurretan jolasteaz harago ihesalditxo hauek familiarentzat ongizatearen katalizatzaile gisa eragiten dutelako.
Nola jantzi hotzari aurre egiteko?
Elurretara joateko gure gorputza ongi babestu behar dugu, ez dakigulako zer gerta litekeen naturan. Horregatik, egoki jantzita joan behar dugu eta hainbat irizpide kontuan hartuz gero, ez da zaila izango:
Gure gorputzaren sentsibilitate maila handia duten atalak ongi babestu behar dira: burua, eskuak, oinak eta azala. Lau atal hauek bereziki babestu beharko ditugu: artilezko txanoak eta eskularruak jantziz, galtzerdi termikoak eta elurretarako botak eramanez; eta babes osoa ziurtatzen duen krema eta ezpainetarako babesa aplikatuz.
Horretaz gain, janzteko garaian hiru geruzen araua kontuan hartu behar dugu. Askotan entzun dugu geruzaka jantzita joan behar dela, bada, horri egiten zaio erreferentzia. Baina gainera, zehatz-mehatz nola eta zertan datzan janzteko modu hori azaltzen saiatuko gara.
Lehenengo geruza, termikoa, poliester edo artilez egindako kamisetak eta mailak jantzita joatekoa da. Hauen funtzioa izerdia kanporatzea eta azala lehor mantentzea da. Kotoia saihestu behar da, ura xurgatzen duelako eta hoztu egingo gaituelako.
Bigarren geruza, isolamendukoa, polarra edota lumaz betetako txaketak jantzita joateko da. Bere zeregina norbere gorputzak sortzen duen beroa gordetzea da.
Hirugarren geruzak haizea eta elurraz babesten gaitu. Iragazgaitza da, hau da, ura pasatzen uzten ez duena; eta haizearen aurrean ere babesten gaitu.
Zer eraman elurretara kotxez nahiz autokarabanaz bidaiatuz gero?
Bidaian irten aurretik, eguraldiaren iragarpena kontsultatu eta bisitatuko den zonaldean kateak edota neguko gurpilak eraman behar diren aurreikusi. Baina horretaz gain, autoz nahiz autokarabanaz bidaiatzeko hainbat gauza beharko ditugu, adibidez pala bat. Elurteak harrapatuz gero, pala bat ongi etortzen da ibilgailuaren perimetroa garbitzeko.
Autokarabanan kanpoko estalkiak jarri behar izaten dira kabina isolatzeko. Barneko tenperatura gordetzen lagunduko du, eta hori oso eskertzekoa da gaua elurtean igarotzeko.
Goizean, autoa arrankatu baino lehen, aurreko kristaleratik izotza kentzeko rasketa bat eraman. Kristala azkar garbitzeko modurik eraginkorrena da eta.
Elurraren onuraz jakitun, nola jantzi behar garen kontuan hartuz eta ibilgailuentzako oharrak hartuta... Abiatu gaitezke elurraz gozatzera.
San Martingo harrian elurraz gozatzen
Lehen elurtea Pirinioetara iristen denean, eskiatzaile askok Candanchu edo Formigal bezalako eski estazio handietara jotzen dute. Guk berriz, San Martingo Harria eski estazioaren xarma ezagutzeko gonbita luzatzen dizuegu. Biarnotar Pirinioetako paisaiarik ederrenetako batean dago, eta gustu askotarako jarduera eskaintza zabala du. Goazen elurraz gozatzera San Martingo Harria eski estaziora.

Frantziako mapak Pierre Saint-Martin neguko kirol estazioa Pirinio Atlantikoen Departamentuan kokatzen du, biarnotar Pirinioen bihotzean eta euskal Pirinioen atarian. Horregatik, eski-estazio hau, San Martingo Harria ere deitua gurean, asko bisitatzen dugu euskaldunok.
Estazio honetan 4 eski-pista daude, zailtasun maila handitik (beltza) maila txikira (berdea), beraz, hasi berrientzat edota haurrekin joateko aukera bikaina da. Hala ere, ez dira eski-pistak izango estazio honetan harrituko zaituena. Ezinezkoa da San Martingo Harrian eskiatzea eta inguruko paisaiekin liluratuta ez geratzea; estazioa «Flocon Vert» gisa ezagutzen da, Pirinioetan kalitatezko labela duen bakarra mendiko helmuga turistikoetarako.
San Martingo Harria eski estazioak 75 hektarea eskiagarri ditu, hiru tontor ikusgarriz inguratuak: Arlas, Auñamendi eta Hiru Erregeen Mahaia. Gainera, pista gorrien, urdinen eta berdeen arteko oreka inbidiagarria duen eremu batean kokatuta dago, eta aparteko elur-kalitatea du. Horiek guztiak funtsezkoak dira eskian lehen urratsak egiteko eta baita jaitsieretan ondo pasatzeko ere.
San Martingo Harria goi-mendiko estazioa den arren; prezio onean eskiatu daiteke eta elurraz gozatzeko askotariko jarduerak eskaintzen dira familientzat. Asteburu oso bat pasatzeko plan ezin hobea denontzat.
Animatzen al zarete?
Elur erraketak, elur bizikleta elektrikoa eta mushing.
San Martingo Harria eta Arette herriaren artean Gune Nordikoa dago. Espace Nordique izeneko eremua edertasun handikoa da, Pirinioetako paisaiarik liluragarri eta berezi honetan Braka basoa topatzen delako. Braka izena biarnotar okzitanieratik dator, eta kareharriaren gainean zuzenean hazten diren zuhaitzei egiten die erreferentzia.

Neguko denboraldian, garraio zerbitzua dago eskuragarri San Martingo Harriaren eski estazioa eta Gune Nordikoaren artean. Autokarabanen gunean aparkatuta bazaudete eta elur-jarduerak egin nahi badituzue familian, eski estazioa eta Gune Nordikoaren artean autobus bat dabilela jakin behar duzue. Hark garraiatuko zaituzte doan, elur-erraketekin paseatzera joateko; txirrindu elektrikoan ibiltzeko, edota mushing egiteko. Espazio Nordikoan elur-jardueren aukera zabala dago eta profesionalen laguntzari esker zuen esperientzia segurtasunez biziko duzue.
Familia osoak elur-erraketak jantzi eta 5 km inguruko ibilaldi ederra egitea gomendatzen zaio esperientzia lehen aldiz bizitzera joaten den edonori. Ibilbide laburrena da, baina nahikoa izaten da pinu beltzez osatutako Brak baso zoragarria zeharkatzeko eta naturaz gozatzeko. Ibilbide zirkular hau Biarnoko Pirinioetako ederrenetarikoa da paisaiarengatik, beraz, paraje horiek bisitatuz gero, ez galdu paseoa egiteko aukera.
Gainera, elur-erraketekin ibiliz jarduera fisikoa egiteaz gain, benetako baso-bainua har daiteke Frantziako eremu karstiko ederrenetariko batean. Eta ... ahoa itxi eta begiak ireki, basoilarra edo ugatza bezalako animalia espezie preziatuak hemen bizi dira eta. Batek daki, agian bidean topatuko dituzue.
Proposaturiko ibilbidea laburregia irudituz gero, aukera zabala dago: 13 kilometroko ibilbidea osatzen duten ibilbide espezifikoak daude, basotik nahiz gailurretatik. Beraz, nork bere buruari zailtasun maila egokituko dio jarduera honetan.
Gune Nordikotik mugitu gabe, jarduera batetik bestera alda gaitezke. Erraketak utzi bazter batean eta pedalei eragiteko muntatuko gara elur bizikleta elektriko batean. Elur txirrinduak duen berezitasuna gurpilen kameretan datza; kamerak bizikleta arrunt batenak baino lau aldiz lodiagoak dira, gutxienez, eta hori oso deigarria da begi bistara.
San Martingo Harrian Pirinioetako negu gorrian bizikleta elektrikoan paseatzeko aukera dugu, haizea aurpegian dugula eta edertasun bereziko paisaiaz gozatuz. Onena elur gainean bizikletaz paseatzea gehiegi pentsatu gabe izaten da, goizean goiz, elurra oraindik gogorra denean.
Baina benetan haurrak liluratzen dituen elur-jarduera mushing ibilaldia da. Gune Nordikoan egunez nahiz gauez antolatzen dituzte.
Nahiz eta txakurrek tiratutako lerak hasieran garraiobide izan, XX. mendearen hasieratik neguko kirol multzoaren parte izatera igaro zen. Hala ere, batzuentzat mushing oraindik zerbait gehiago dela pentsatzea gustuko dute: «Naturarekiko maitasuna, espazio irekiak eta animalien batasuna».
Esperientzia honi hasiera egokia emateko presarik gabe joatea gomendatzen da, eta leratik tiratuko duten zakurren etxolak bisitatzea hasi aurretik. Haurrekin joanez gero, une aproposa da zakur eta haurren arteko lotura sortzeko, ferekatzeko komunikazioa sortuz eta beldurrak uxatzeko. Horrela, haurrek euren jakin-mina aseko dute eta konfiantza eraikiko dute zakurrekin bidaia berezi hori egiteko. Tarte horretan interesgarria izaten da ere zakurrek dituzten ohiturak behatzea, hala nola elkarren artean uluen bidez komunikatzearena. Basoan zehar euren ulua hedatzen denean une magikoa sortzen da.
Leraz paseatzen dugun bitartean, batzuetan eserita joateko eskatuko digu musher edo lera gidariak. Haize hotzak aurpegian jotzeaz gozatuz egingo dugu aurrera bidean; beste batzuetan, zutitzeko eta aldapan gora lera bultzatzeko eta zakurrei laguntzeko eskatuko digu lera gidariak. Esperientzia bizitzeko bi modu ezberdin badira ere, batean zein bestean izugarri gozatzen da.
Mushing ekintzak, gainera, neguko kirol horren dinamika ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du. Txakurrek korrika egiten dute eta lera gidariaren agindu-ahotsaren arabera jokatzen dute. Gainera, gidariak ere animalien ezaugarriak oso ondo ezagutzen ditu: Guztiak Errusiatik etorritako husky siberiarrak dira, elikadura dieta daramate eta lan ordutegia dute.
Zakurren burua, aurreko aldean eta leratik urrutien dagoena, taldearen gidaria da; benetako liderra da. Denek obeditzen diote. Leratik hurbilen dauden zakurrak, berriz, zakurrik indartsu eta gazteenak dira; lera arrastaka eramateko indarra jartzen dutenak.
Ibilbidearen amaieran, haur nahiz helduentzako benetako saria zakurrengana hurbiltzea eta haiekin konektatzea izaten da. Ez izan zalantzarik, laztandu zakurrak eta eskertu ibilaldi bikain hori. Oro har, animalia otzan eta atseginak dira.
Nafarroako Pirinioetako xarma zuria
Biarnotik Euskal Herrira gidatuko dugu Nafarroako Pirinioetan zehar bidaiatzeko. Erronkari eta Zaraitzu haranetan zehar garamatza bideak orain eta, urte osoan zehar ederrak badira ere, neguan apartekoak dira. Nafarroako Pirinioetako alde hau autentikoa eta basatia bilakatzen delako urteko lehen elurteak iristen direnean. Horregatik, bidaiak aldez aurretiko prestaketa behar du.
Otsagabia da gure ibilbidearen abiapuntua. Askoren esanetan Nafarroako herririk ederrena. Anduña ibaiak herria bitan banatzen du eta haren gainetik zubiak elurrez beterik ikustea xarma berezia du.
Isiltasuna lagun dugula, herriko monumentu bakarrera joko dugu oinez harrizko kaleetan zehar. San Juan Evangelista eliza, askotan itxita izaten da, baina barruan Berpizkunde garaiko erretaula mirets daiteke.
Otsagabian ikus daitekeen etxe tipikoen multzoa Nafarroako Pirinioetako arkitektura motaren eredua da: harriz eraikitako etxeak, teilatu makurtuak dituzte eta euren artean espazio estu bat gordetzen dute: etxekarte deiturikoak.
Pauso leunez Pirinioko arkitektura deskubritzen ari gara eta Otsagabian hain deigarri diren Erdi Aroko jauregiak: Urrutia, Iriarte eta Donamaria. Erraz ezagut ditzakegu euren fatxadetan ageri diren armarri ederrengatik. Herriko armarrian eta baita hainbat etxeetako armarrietan ere otso bat agertzen da irudikaturik; gogora dakarkiguna Otsagabia izenaren jatorria : «Otsoen habia».
Herriaren bihotzean, haurrentzako plan bikaina topatuko dugu: Otsagabiako Naturaren Interpretazio Zentroa. Familian bisitatzeko leku bikaina da. Hiru solairutan banatuta dago eta Zaraitzu bailararen informazioa zein Irati basoko ekosistemen informazioa ere eskaintzen ditu. Eta plana biribila izateko, sarrera doakoa da.
Otsagabia Pirinioetako eta Irati basoko atea dela esan daiteke. Inguruak mendi ibilaldiz josita daude familian gozatzeko, horietako bat nabarmen ederra agertzen da elurraren ondorioz: Muskilda baselizaren parajeak ezagutzera joango gara, Otsagabiatik lau bat kilometrora.
Baseliza Muskilda Andrearen omenez eraiki zen XII. mendean, itsas mailatik mila metrora dagoen muino baten gainean. Horregatik, handik Pirinioetako gailurren gaineko bista ederrak daude. Gainera, Muskildako paraje hauek historia gordina gordetzen dute. Goi Erdi Aroan sorginkeriaren kontrako jazarpenen kokaleku izan ziren, 1539. urtean Otsagabiako alkatea bera ere Muskildako lurretan akelarreetan parte hartzeaz salatua izan zen.
Indarrak hartzeko zer hoberik Nafarroako iparraldeko gastronomia tipikoa dastatzea baino. Kixkia erretegi-sagardotegiak menu bikainak eskaintzen ditu landako produktuak eskainiz era tradizionalean kozinatuta: txuletoia, antxoak, odolkia, orburuak edota bakailaoa. Izenak ongi adierazten duen bezala, sagardotegia da eta beraz, sagardotegi menua ere aukeran dauka.
Haurrekin ezin da denbora luzez izan leku finko batean jolas librearen beharra izaten dutelako bidaietan ere. Horregatik, haurrek elurraz gozatzeko, Abodiko pistetara joatea ideia bikaina izaten da.
Abodi eski-estazio nordikoa iraupen eskia praktikatzeko leku aparta da. Oraingo honetan, berriz haurrek ederki pasa dezakete inguru horretan, elur bolak elkarri jaurtiz, leraz aldapatxoak jaisten edota elur-panpinak egiten.
Izaba, bidaiari askoren herririk gogokoena izaten da, kaleetan barrena arnasten den lasaitasunagatik eta herria inguratzen duen paisaia ederrarengatik. Herrira iritsi aurretik, ordea, Kabila Enea gaztandegia bisitatzea ezinbestekoa da.
Uztarrotzen, NA-140 errepidearen ondoan, Kabila-enea harrizko baserria aurkitzen da. Bertan egiten dituzten gazta sorten artean aukeratu beharko du bidaiariak: gaztanbera edo gazta-zaharra, ‘Delicias del Pirineo’ edota ‘Ekia’, Erronkari jatorri izendapena duena eta ardi latxaren esnez egina.
Bertan azaltzen dute gainera, gazta zatiak hozkailuan nola gorde modu egokian denbora luzez mantentzeko. Gazta puska ontzi hermetiko baten barruan sartu behar omen da ogi zati batekin, horrela, gazta ez da lehortuko ezta lizunduko ere. Ogi pusketa lizunez betetzen denean, beste ogi pusketa batez ordezkatu eta kito! Harrigarria, ezta?
Ondoren, baserriaren bigarren solairuan dagoen gaztaren museoa ikustera igo daiteke. Artzaintzaren historian zehar ibilbide polita eskaintzen duen erakusketa da: Testu, argazki eta artzaintzarekin zerikusia duten tresna ugari biltzen duen aretoa da.
Izabara iritsita, harrizko kale ederretan zehar paseatzea ezinbestekoa da. Herriko monumenturik nagusiena XVI. mendeko harresitutako San Cipriano eliza da. Baina bisitariaren begiradak lapurtuko dutena herriko etxeetako atarietan jarrita dauden eguzki-loreak dira. Negua iluna izaten da eta eguzkiaren itxura duen lore honek etxeak, eta ondorioz etxe horretako familiak, izpiritu gaiztoengandik babestuko ditu. Pirinioetako txoko honetan euskal sinismen zaharrak oraindik mantentzen diren seinale.
Izabaren ingurune naturala ederra da eta horri esker urteko edozein sasoitan balizatutako bidezidor sare zabalaz goza daiteke. Batzuek herriak lotzen dituzte, eta beste kasu batzuetan, inguruko baso lasaien artean murgiltzen dute bisitaria. Horietako gehienak historiaz beteriko bideak dira, hala nola, Kontrabandisten bidea edota Erronkari bailara osoa zeharkatzen duen Errege Bidea. Horiek zeharkatuta, Nafarroako Pirinioen edertasuna eta xarma erakusten duten txoko eta paisaiak aurkituko ditugu. Haurrekin egiteko aproposena aukeratzea zaila da, baina aukera bikaina izaten da Belabartze ur-jauzi ikusgarriraino eramaten gaituen ibilbidea.
Izabatik 22 kilometrora Larra Belagua ipar-eskiko gunea dago, Belaguako mendatean, 1.600 metroko altueran. Eskiatzeko pistek hogei kilometro baino gehiago hartzen dituzte gune pribilegiatu batean, Larra Natura-Erreserbaren atarian, hain zuzen ere. Elurraz gozatzeko beste gune eder bat da, baina baita gastronomiaren plater bikaina dastatzeko ere: Juan Pito Bentako migez ari gara. Aparteko lekua gure elur arteko egunei bukaera emateko.