IRRATIA
Elkarrizketa

«Etapa bat berriz ere irabazteko ametsa dut, eta Frantziako Tourrean bada hobeto»

Mikel Landa azken hamarkadan euskal tropeleko izen handienetariko bat izan da, baina Italiako Giroko lehen etapan izan zuen erorikoak asko mugatu du bere kirol urtea. Errepasoa egin dio aurten bizitakoari eta «gorabeheratsua» izan den denboraldia «nahiko txukun» bukatu duela azaldu du NAIZ irratian.

Mikel Landa artxiboko irudi batean (Soudal Quick-Step)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


2024ko denboraldi «bikaina» ondotik Soudal Quick-Step taldearekin urtebete luzatu zuen kontratua. Remco Evenepoel izar belgikarraren bizkartzain izan zen iaz, eta aurten Italiako Giroan sailkapen orokor on bat egiteko eta etapa bat irabazteko helburua zuen. Dena den, Albanian korritu zen Giroko lehen etapako eroriko batek dena okertu zuela onartu du NAIZ irratian. 2026ko denboraldia prestatzen dago, «ilusioz eta gogotsu». Izan ere, Evenepoelek taldea utzi duela, txirrindulari euskalduna taldeko liderra izango Giroan eta Tourrean. 

Eroriko horren ondorioz, TH 11 ornoa hautsi zuen, eta horrek nabarmenki murriztu du Landaren aurtengo ibilbidea: 7.000 kilometro egin ditu txapelketan, 45 egunetan. Iaz, adibidez, 11.000 kilometro baino gehiago egin zituen, eta aldea are nabarmenagoa da 2023 kirol urtearekin: 13.500 kilometro egin zituen txapelketan.

«Oso egun tristea izan zen, Giroa oso ongi prestatu nuelako», adierazi du arabarrak. Errekuperazio lanak etxean egin zituen, eta bere iritziz, hori izan zen alde on bakarra: «Familiairekin denbora igarotzeko aukera izan nuen, beraiek baitira nire psikologoak». 

Burgoseko Itzulian bueltatu zen lehiaketara, baina oraindik ere fisikoki «justu samar» zegoen. Espainiako Vueltarako ahalik eta osasuntsuen iristeko asmoa zuen, baina %100ean ez zegoela onartu du: «Bigarren astea amesgaiztoa izan zen, egunero oztoporen bat zegoen eta ez nuen osatzeko denborarik izan». 

Palestinaren aldeko aldarrikapenak

Kirol emaitzak bigarren maila batean gelditu ziren Espainiako Vueltan, non zaleek Israel Premier Tech taldearen parte hartzea eta Israelek egiten ari den genozidioa salatu zuten errepideetan. Antolatzaileek zenbait etapa murriztu behar izan zituzten, tartean Bilbon helmuga zuena, eta «tentsio handiko uneak» izan zirela azaldu du Landak. 

«Israelek egiten ari dena genozidio bat da, zalantzarik gabe, eta protesten aldekoa naiz», azpimarratu nahi izan du txirrindulariak. Dena den, egun horietan bizitakoa «oso deserosoa» izan zela onartu du. Galizatik igaro zen etapa lehiatzeko aukera izan zuen, baina helmugan zeuden protestek eraginda etapa murriztu zuen antolatzaile taldeak, eta «pena handiarekin» bizi izan zuen Landak, bere ustez irabazteko aukera asko zituelako: «Ibilbidea aurretik ikertu eta ikasi nuen, helmuga 8 kilometro aurreratzeak Bernali egin zion mesede». 

2026ko erronkak

Hurrengo urteko egutegia «zehazten» badaude ere, Landak «ziurrenik» Italiako Giroa eta Frantziako Tourra egingo dituela aurreratu du NAIZ irratian. 

Bestalde, Landak 36 urte bete berri ditu, eta ez du argi azken urtea izango denik edo jarraituko duenik. Horiek horrela, urtea aurrera egin ahala erabaki bat hartuko duela azaldu du: «Bizikleta gainean gozatzen jarraitzen badut, luzatuko dugu».

Remco Evenepoelek ez du Soudal Quick-Step taldean jarraituko, eta Landa izango da taldeko liderra sailkapen orokorrak lehiatzeko. Badu amets bat 2026rako: «Denbora asko igaro da besoak azkenekoz altxa nituenetik, beraz, etapa bat irabazi nahi dut, eta Tourrean bada hobeto».