Bizkaiko finalaren laburpena, puntuak eskuan
Ariketa bakoitzeko puntuazioei begiratuta Bizkaiko bertsolarien txapela buruz buru ibili zela ikus daiteke, Aitor Etxebarriazarragak jantzi arteko bidea laburtu dugu aste honetako Bertsoa NAIZ saioan.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Bizkaiko bertsolari txapeldun berria da Aitor Etxebarriazarraga eta finalaren laburpena osatu dugu aste honetako Bertsoa NAIZ saioan.
Epaileen puntuazio taula eskuan osatu dugu laburpena, finalean zehar bertsolari bakoitzak izan zituen gorabeherak aipagai. Txapeldunarentzat bi une ziren ziren giltzarri, puntu-erantzunean eman zuen lehen kolpea eta buruz burukora igarota Ganbarakoan egin zuen lana. Puntu-erantzunen ariketan, gerora buruz burukoan izango zen Onintza Enbeitak baino 15 puntu gehiago lortu zituen gernikarrak.
Hala ere, oraindik zortzi bertsolariak kantuan ari zirela egindako lanarekin bi puntu eta erdiko alde juxtuarekin abiatu zuten Enbeitak eta Etxebarriazarragak azken txanpa. Buruz Burukoan zortziko txikian egin zuten lehen ariketa eta zortzi puntuko aldea lortu zuen Muxikako bertsolariak, 6ko motzean parean eta Ganbaran gerora txapeldun izango zenaren baieztapena. Puntu-erdiko alde juxtuarekin eraman zuen txapela gernikarrak.
Orekaren adierazle diren beste hainbat ariketa ere izan ziren. Bakarkakoan Aitor Bizkarrak lortu zuen puntu gehien, alde nabarmenarekin, gainera. Hamarreko Txikian ere buruz burukotik kanpo geratu ziren bi bertsolarik jaso zituzten puntu gehien, Bizkarrak berak eta Xabat Galletebeitiak.