IRRATIA

«Euskal kulturaren plaza bihurtu da Durangoko Azoka 60 urtean»

Durangoko Azokak 60 urte betetzen ditu, eta euskal kulturaren epizentro nagusia izaten jarraitzen du. Bizkaiko Foru Aldundiak babesle gisa parte hartzen du, artistei laguntza eskaintzen eta kulturaren aniztasuna bultzatzen. Leixuri Arrizabalagak NAIZ Irratian ekimenaren garrantzia nabarmendu du.

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, 'Bizkaian bagara. Berbak zubi.' proiektuaren aurkezpenean (Endika Portillo | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Durangoko Azokak aurten 60. urteurrena ospatzen du, eta «euskal kulturaren plaza nagusi bihurtu da» Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko diputatuaren arabera. Durangoko espazio ezberdinak hartuko dituen ekimenak, «jendez gainezka egongo den itxura izango du». Bizkaiko Foru Aldundiak babesle gisa parte hartzen du, eta ekimenaren eta kulturaren etorkizunaren inguruan aritu da.

Arrizabalagak nabarmendu du ikusmina urteurrenarekin lotuta dagoela, eta ekimena euskal kulturaren plaza bihurtu dela: «Aurten ikusmin handia sortu da, 60. urteurrena ospatzen dugulako… Durangoko Azoka euskal kulturaren plaza bihurtu da, jendez gainezka egongo diren egunetan».

Diputatua azaldu duenez, Foru Aldundiak sortzaileei laguntzak eskaintzen dizkie, sektorearen beharrak aztertuz eta diagnosi partekatuak eginez. Aitortu du «guretzako termometro bat da; sektoreak zein behar dituen ikusten dugu eta zein norabide zehatz hartu behar dugun erakunde bezala. Hausnartzea, informazioa partekatzea eta diagnostiko amankomun bat sortzea funtsezkoa da».

Artistek jasotzen duten laguntza eta proiektuen bultzada ere azpimarratu du, baita etorkizuneko ekimen garrantzitsuen aldeko konpromisoa: «Datorren urtean, ‘Mitoaroa III’ proiektuan, gure laguntza eta bultzada izango da, eta proiektu horrek pertsona askorengana heltzea ahalbidetuko du».

Euskararen erabilerak duen garrantzia ere nabarmendu du, «modu kontziente batean euskara sustatzen badugu, azkenean aurrez-aurre euskaraz erantzuten gaituen eta euskaraz ulertzen duen jendea izango dugu, bai komertzioetan bai administrazioan ere», kontzientziazioa ezinbestekoa dela azpimarratuz.

Azkenik, aurten eta datorren urtean aurreikusitako kultur eta kirol ekimenak aurkeztu ditu, baita museoetako berritzeak eta euskararen sustapena: «Urte zirraragarria izango da; kirol arloan Bizkaia Europako kirol lurraldea izango da, eta euskararen erabilera eta aktibazioa handitzeko proiektu berriak martxan jarri ditugu».