«Korsikan badago desfase nabarmen bat diskurtsoa eta errealitatearen artean»
Eguzki Urteaga soziologoak Ipar Euskal Herriaren eta Korsikaren arteko konparaketa egin du «Le Pays Basque et la Corse: una analyse comparée» liburuan. Korsikak diskurtso sendoa bai, baina praktikan Ipar Euskal Herriaren egoera antzekoa bizi duela nabarmendu du. NAIZ Irratian izan da gaur.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Eguzki Urteagak «Le Pays Basque et la Corse: una analyse comparée» liburua argitaratu berri du. Bertan Ipar Euskal Herriaren eta Korsikaren antzekotasunak jorratzen ditu, ekonomikoak, politikoak, demografikoak zein kulturalak. Mediterraneoko irlan autonomia eta nortasun propioaren aldeko diskurtso sendoa dutela azpimarratu du, eta honen aldeko neurriak abian jarri dituztela, Hego Euskal Herriaren adibidea eredu hartuta, baina praktikan diskurtsoa errealitatearekin bat ez datorrela berretsi du.
Urtarrilean egon zen euskal soziologoa Korsikan, eta deigarria egin zitzaion bi lurraldeen arteko antzekotasuna. Urteagaren esanetan «ikerketa sakon baten ostean, datuek erakusten digute, bereziki 1960. hamarkadaz geroztik, beti egon dela interes erreziproko bat, eta influentzia erreziproko bat Ipar Euskal Herrian eta Korsikan gertatzen zenaren artean. Mugimendu abertzaleen sortzetik, erakunde armatuak sortzera. Eta gero ikusteN da ere arlo kulturalean berpizkunde bat izan zela 60 eta 70eko hamarkadetan».
Bi lurraldeek antzeko elementu asko dituztela azpimarratu du Urteagak, eta biztanleriaren gorakadan jarri du begirada, nortasun propioan eragin zuzena duen fenomenoa. Korsikan Ipar Euskal Herrian baino 30.000 pertsona gehiago bizi dira, baina bada datu deigarri bat: bi lurraldeetan urtero %1 hazten da biztanleria. Batez ere Frantzia barrualdeko eskualdeetatik iritsitako pertsonak dira areagotzearen arrazoia, eta nortasun eta identitate nazionalean bi afera nagusi sortzen ditu. Lehena, leku askotan bizi den etxebizitzaren prezioaren gorakada, «erresidentzia sekundarioak proportzio handi bat osatzen dute kostaldeko hirietan, udalerri batzuetan %40ko langa gainditzen dute. Ikusten da etxebizita eskasia nabaria dela eta etxebizitzen prezioek izugarrizko gorakada izan dutela».
Frantziar estatutik iritsitako pertsonen gorakadak beste afera bat eragiten du Urteagaren esanetan, «hizkuntza propioari dagokionez, bai Korsikan baita Ipar Euskal Herrian ikusten duguna da euskal eta korsikar hiztunen kopurua balio absolutuan igotzen ari dela, baina une berean populazioa proportzio handiagoan hazten denez, eta populazio gehigarri hori Frantziako eskualdetatik datorrenez, horrek dakar euskal eta korsikar hiztunen proportzioa gutxitzen joatea. Horrek kezka handia sortzen du bai Ipar Euskal Herrian baita Korsikan ere».
Frantziar estatuaren eredu zentralistak asko oztopatzen du lekuko hizkuntzen babesa, hizkuntza propioak beti egon dira eta abertzaletasunari lotuta. Korsikan azken zortzi urteetan abertzaleak ari dira gobernatzen, eta horrek aukera gehiago eman dizkie bere interesen aldeko neurriak abian jartzeko. Urteagak adierazi duenez bi alor nagusitan ari dira lanean: «Alde batetik instituzionalizazioaren gaia, hor dute autonomia estatu baten eskaera; eta bestetik hizkuntzaren aitortza ofiziala eta hizkuntza politika handi bat abian jartzeko nahia». Dena den, nahiz eta legitimitate demokratiko oso handia duten, bi kasuetan frantses gobernuaren jarrerarekin talka egiten dutela dio Ugartek.
Instituzionalizazioa eta autonomia estatutua
Korsikako parlamentuak autonomia estatutua onartu zuen bere momentuan, nahiz eta Parisen estatututaren onespena geldituta dagoen. Ipar Euskal Herriak gertutik begiratzen du Korsikaren kasua, Mediterraneoko irlan lortutakoak aurrekariak izan daitezkelako Ipar Euskal Herriarentzat. «Ipar Euskal Herrian atentzio eta arreta handiarekin jarraitzen ari dira Korsikan gertatzen ari dena, besteak beste, korapiloa askatzen bada Korsikan korapiloa askatu daitekelako Ipar Euskal Herrian ere, eta hori bi mailatan izan daiteke: bat instituzionalizazioari dagokionez, eta bestea hizkuntzaren gaiari dagokionez».
Dena den, soziologoak azpimarratu du korsikarren diskurtsoa oso sendoa izan arren, Hego Euskal Herria dute eredu Urteagaren esanetan, errealitatean diskurtsoa ez dela guztiz islatzen, eta hizkuntza propioaren gaiarekin adibidez, Ipar Euskal Herriak abaintaila duela Korsikaren aurrean.
Borroka armatua iraganean
Urteagak gogora ekarri du iraganean bi lurraldeetan borroka armatua erabili zutela beren aldarriak helarazteko, eta FLNCren sorkuntzan Korsikak Euskal Herriko egoera erreferente izan zuela azpimarratu du. «Euskal Herriko adibidea funtsezkoa izan zen, Iparretarrak bera 1973an sortzen da eta FLNC 1976ean. Nahiko antzeko ereduak garatzen dituzte, alegia, askapen nazional eta soziala uztartzen dituzte, beraien atentatuen helburuak estatuaren sinboloak eta turistifikazioari lotutako erakundeak ziren, ez zuten heriotzarik eragiten, printzipioz infraestrukturak zituzten helburu». 90. hamarkadan barne zatiketak izan zituen FLNC-k eta hor bai bizi izan zirela tentsio uneak eta atentatu gogorrak. «Garai hartan kezka handia zegoen korsikar gizartean».