‘Eklore’ deitzen da Julie abeslari baionarraren lehen lana
Baionan jaio eta Uztaritzen hazitako abeslaria da Julie Rouault. Orain arte plaza taldeetan edota kabaretean ibili den arren, bakarkako bideari heldu dio lehendabiziko diskoa kaleratzeko. ‘Eklore’ deitzen da diskoa eta dozena bat abesti biltzen ditu; erdia euskaraz eta beste erdia frantsesez.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Euskaldun berria da Julie eta euskaraz sortzera pasa da bere bakarkako bideari ekin dion honetan. ‘Eklore’ deitzen da bere debuteko diskoa eta hitz-joko bat erabili nahi izan du. Izan ere ‘eclore’ hitzak loratzea esan nahi du frantsesez eta, bestetik, ‘ekilore’ hitza ere nahi zuen hor nolabait ere egotea hitza euskal grafiaz idaztean.
Barne sentimenduez hitz egin digu pop unibertsoko hamabi kantuetan. Bere bizipenetatik abiatutako abestiak dira eta balada kutsuan datoz horietako asko. Familia kontuak, matxismoaren gaitzesperna edota lanean egokitu zaizkion egoerak izan ditu abiapuntu bere hitzak sortzerako garaian. Gitarra akustiko batetik abiatu, melodiak sortu eta gero jantzitako kantuak dira, rock izpiritu dezente dute ondorioz abestiek.
Paxkal Etxepareren estudioan ibili da grabaketak egiten eta inguruan izan ditu, besteak beste, Xabi Albistur edota Pierre Sangla musikari aski ezagun eta ibiliak ere. Zuzenekoetan ere taldean joango da Julie, baina, tamalez, aste honetan bertan eman behar zuen Donostiako kontzertua bertan behera geratu da osasun arazoak tarteko. Ea laster berriak emateko moduan den eta Hego Euskal Herrirako jauzia ere ematen duen, deseatzen dago eta lapurtarra. Bitartean, entzun MusikHaria saioan izan genuen elkarrizketa.