«HTX egoera larri bati erantzuteko sortu zen, ASKE aldiz, gaiaren muinera joateko»
Hatortxu Rockek bere ibilbideari amaiera eman zion uztailean eta, garai eta testuinguru garaikideei egokituta sortu da ASKE jaialdia. Abenduaren 27an ospatuko da Atarrabian lehen edizioa, eta honen inguruan gehiago jakiteko ZEBRABIDEAN izan da Oihan Ekiza, ASKEko antolakuntzako kidea.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
'Soinu banda jarriko diogu geure bideari. Jendeak herriak behar duena egin dezan. Gure herria jendeak behar duena izan dadin'. Hatortxu Rockek bere ibilbideari amaiera eman zion uztailean eta, «dena eginda ez dagoela jakitun», garai eta testuinguru garaikideei egokituta sortu da ASKE jaialdia. Abenduaren 27an ospatuko da Atarrabian lehen edizioa.
'Ez-ohiko musika jaialdi baten moduan, geure herri eta jendearen askatasuna aldarrikatzeko topagune eta aske izan nahi dugunon aterpe moduan' aurkeztu zuten ASKE, Hatortxuk agur esaten zuen bitartean. Oihan Ekiza, ASKE-ko antolakuntza lanetan dabil, eta hala azaldu du ZEBRABIDEAN.
«Hatortxuk agur esan zuen, baina aurretik antolakuntzan genbiltzan belaunaldi gazteago batek, pentsatu genuen Hatortxuk agur esan arren horrelako jaialdi desberdin bat egiten jarraitu nahi genuela. Hatortxuk zeuzkan, eta herri mugimenduaren baitan kokatzen diren balore horiei tiraka jarraitu nahi genuela, gauza desberdin bat egiten, baina aldi berean gure nortasunaren parte diren gauza berdinekin».
Hatortxu egoera larri bati erantzuteko eta egoera hori publikoari zabaltzeko sortu zela azaldu du. ASKE aldiz, gaiaren muinera joateko, ez zerbaiti erantzuteko, baizik eta zerbait hori zuzenean aldarrikatzeko. «HTX egoera larri bati erantzuteko sortu zen, ASKE aldiz, gaiaren muinera joateko. Gure herriaren askatasuna eta gure jendearen askatasun kolektiboa aldarrikatzeko».
'Egungo testuinguruan zer da zuentzat aske izatea?' galdegitean honakoa erantzun du Oihanek: «Horretarako pertsona bakoitzak erantzun bat izango du, baina guk jaialdiaren ikuspuntutik ulertzen dugu, indibidualaren askatasuna ez dela posible askatasun kolektiborik gabe. Hortik dator gure baloreetan, eta lan egiteko moduan, hain presente dagoen auzolana».
ASKE Herri Mugimenduaren parte bezala ulertzen dute, auzolana du oinarri eta auzolanari esker da posible: «Auzolanik gabe ASKE ez litzateke posible izango, eta auzolana ez da posible jendearen borondatezko lanik gabe». Ekizak ongi azaldu du, antolakuntzan daudenek ere urte osoan zehar egiten dutela lana: «Ulertzen dugulako gure aletxoa jar dezakegula, eta horregatik gonbita luzatu nahi diogu mundu guztiari, ez soilik auzolanetan parte hartzera, baita horrelako jaialdietan edo auzo eta herrietan antolatzen diren gauzetan parte hartzera, gauza guzti horiek barrutik bizitzera».
«Hemendik 20 urtera 'ni han egon nintzen' kontatzeko modukoa izango da lehenengo edizio hau»
Sarrerak jaialdiaren webgunean erosi ahal izango dira. Oihanek ongi azaldu moduan, bertan eta beraien sare sozialetan iragarriko dute bestelako informazio praktiko guztia.
Amaitzeko, Oihanek amua bota du:
«Imajinatu orain, 26 urte pasa zirenean jendeak Hatortxun esaten zuen, 'Joe, ba ni lehenengo edizio horretan egon nintzen'. Ba ez dakigu nora noraino iritsiko den ASKE, baina badaezpada ere, hemendik 20 urtera 'ni han egon nintzen' kontatzeko modukoa izango da lehenengo edizio hau, beraz ea jendeak amua irensten duen».