IRRATIA
Elkarrizketa
Karmele Jaio
Idazlea

«Intimoagoa da norbere begirada agertzea zure bizitzaz aritzea baino»

Bizitzak sortutako min eta zaurietatik babesteko harrizko bihotzik baino ezkutu hoberik ez dagoela esaten zion amonak Jaiori. Emozioak, ordea, lehengaia dira harentzat. Hiztegi forma eman dio ‘Harrizko bihotza’-ri. Intimoak diren definizioen bilduma osatu du, begirada sozialari traizio egin gabe.

Aurreko lanetan baino ageriago agertu da Karmele Jaio ‘Harrizko bihotza’ liburuan. (Gorka Rubio | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


21 urteko ibilbide literarioa du  bizkar gainean Karmele Jaiok. Emozioek piztutako taupadek gidatu dute bide hori eta, oraingoan, emozio horien inguruko disekzio ordenatua landu du ‘Harrizko bihotza’ liburuan

Modu librean eta aurretiazko markorik gabe idatzi du emozio horiek iradokitakoa. Hausnarketa labur zein luzeagoak, poesiatik prosara ekarritakoak, prentsak argitaratutako iritzietatik eratorritakoak... Guztiak bildu eta A-tik Z-ra ordenatu ditu, inoiz baino ageriago agertuz irakurlearen aurrean. Intimitate alfabetiko bat da gasteiztarraren liburu berria. Bere haurtzaroarekin eta familiarekin konektatu du, «esentziara» itzuli dela dio idazleak. Hurrengo lteratur lan baten ideia du buruan, baina bien bitartean, emozioen bildumak sortutako erreakzioak jaso eta ezagutzeko irrikitan da.

‘Maitasun kapitala’ eleberriaren ostean iritsi da ‘Harrizko bihotza’. Bestelako forma duen liburua da. Aldaketarako edo bira bat emateko gogoa zenuen?

Aspaldi nuen horrelako zerbait egiteko gogoa. Orain arte nobela, ipuinak, poesia liburuak.. idatzi ditut, eta aspaldi nuen halako pasarte laburrak, aurretik idatzitako gauza batzuk errekuperatu eta gero, sortzeko gogoa.

Nahieran idazteko eskubidea irabazia duzula esan zenuen aurkezpenean. Zure literatura-ibilbidean heldutasun puntu batera iritsi zarela esan nahi du horrek?

Broma artean esan genuen, Xabier Mendiguren editoreak ez baitzekien zehazten zer nolako liburua zen, eta hala esan zuen berak. Eta nik erantzun nion adin bat dudala eta adin batetik aurrera eskubidea hartzen dugula benetan barrutik sortzen zaiguna idazteko. Aurretik ere bai, baina batzuetan muga jartzen diozu zeure buruari. Nik behintzat oso libre idatzi dut liburu hau. Ez dut aurretik markorik izan, nobelak idaztean ez bezala. Oso aske ibili naiz gauza solteak idazten eta hasiera batean behintzat jakin gabe nola aurkeztuko nituen. Izan dudan askatasun hori irakurleak ere izatea nahiko nuke eta askatasunez irakur dezala. Liburu hau nahi baduzu hasieratik has dezakezu, nahiago baduzu bukaeratik, erditik... Askatasuna ematen dio irakurleari ere nahieran irakurtzeko.

Izenburua amonari zor diozu.

Nire amamak esaten zuen, bizitzak sortzen dizkigun min eta zauri horietatik babestuta egoteko, hobe dela harrizko bihotza izatea, mundua blindatuta dauden bihotzentzako egina dagoela. Nik ere askotan pentsatu dut hori; nik uste denok egin dugula sufritu izan dugunean. Baina nik nire bizitzan ez dut lortu harrizko bihotzik izatea. Are gehiago, nik uste urteekin, eta idazteak ere, ez dizula baimentzen halakorik. Uste dut idaztearen jarrerak zerikusia duela harrizko bihotza ez izatearekin. Finean, horrek esan nahi duelako egunerokoan ikusten duzuna eta inguratzen zaituena inporta zaizula. 21 urte dira lehen liburua argitaratu nuela eta egia da ikusi edo sentitzen ditudan gauza batzuek barruan nolabaiteko emozioa eragiten didatela. Eta hori gertatzean kontatzeko beharra sentitzen dut. Kontatzekoa eta idaztekoa. Nire konstante bat da hori. Ikusten dudanak, inguruan dagoenak, barruan taupada bat sortzen dit. Eta hortik dator liburuaren azpititulua.

Taupadak alfabetikoki ordenatu eta hiztegi forma eman diozu. Zergatik?

Hiztegietara zerbait ulertzen ez dugunean jotzen dugu. Eta pentsatu nuen berdina egiten dugula idazketarekin. Nik uste dut idazten dugunean idazten dugula zerbait ez dugulako ulertzen. Eta oinarrian dagoela ulertu nahi bat. Paralelismo horrekin jokatu nahi nuen eta horregatik hartu du ‘Harrizko bihotza’-k hiztegi itxura.

Asko idatzi dut idazketa prozesuari buruz. Agertzen den ohiko galdera da zergatik idazten dudan. Eta erantzuna da ez dudalako ezer ulertzen. Batzuetan kanpoko gauzekin du zerikusia edo munduan gertatzen diren gauzekin; beste batzuetan, inguruan ditugunekin edo orokorrean harremanei buruzkoekin, nola kudeatzen ditugun. Askotan ere norbere buruarekin ditugun gatazkak eta talkak dira. Hau da, oso orokorra da eta liburuan gai asko agertzen dira.

Gai horiek ez dira arrotzak niretzat; asko nire aurreko liburuetan agertzen dira. Harremanak konstante bat dira, baina hor dago isiltasuna edo esan gabeko hitzen pisua. Orain nik uste liburu honetan besteetan baino gehiago agertu dela adiskidetasunaren balioa. Eta asko agertzen da familia. Nik uste adinarekin ikasten den kontua dela. Aurreko eleberrietan ere agertzen da, baina hemen pertsonalagoa da.

Definizioak izatez objektiboak dira. Zuk gehitu diezun esanahian, ordea, emozioei eman diezu protagonismoa.

Nik uste liburuak zerbait jasotzen badu begirada bat dela, kasu honetan nirea. Eta bada nolabaiteko kontraesan bat. Lehenik definizio objektibo bat ematen da, objektibotasuna existitzen bada. Baina definizio hori eman eta gero, nire begiradatik zerikusia duen zerbait dator. Alde horretatik, azpimarratuko nuke askotan iruditzen zaigula intimoena zure bizitzaz kontatzen duzuna dela. Hau gertatu zait ala bestea. Nik uste dut intimoagoa dela zure begirada agertzea. Gauzak nola ikusten dituzun erakustea. Askotan liburu bat idaztean irakurleek jakin-mina izaten dute bertan kontatzen dena gertatu zaizun edo ez jakiteko. Niretzat hori ez da hain inportantea. 

Liburu honetan ohiko fikzioetan baino ageriago agertzen naiz. Kontua ez da ohiko fikzioetan ez naizela agertzen; hor ere nire begirada dago. Baina hemen fikzioaren estalpe hori gabe agertzen naiz.

«Liburu honetan umea agertu da, neskatoa, ni gaztetan. Nolabait esentziara itzuli naiz eta aurrekoetan ez da hori gertatu»


Fikzioak aterki moduan funtziona dezake, erdizka ezkutatzeko?

Ez dakit ezkutatzeko den. Nik uste dut fikzioan, zintzoa baldin bada eta benetan barruan esan nahi zenuena esaten baduzu, halabeharrez agertzen zarela, agertzen diren emozioak, gertatutakoa bizi izan edo ez, benetakoak direlako. Gogoratzen dut ‘Amaren eskuak’ argitaratu nuenean jendeak galdetzen zidala ea ama gaixo ote zegoen. Eta nik ezetz, ondo zegoela. Nire ama ondo zegoen, baina hor azpian egia bat zegoen. Zer kontatzen nuen, nire ardurak, kezkak, ia ama noizbait gaixotuko ote zen... Fikzioan kontatzen dugun horretan zure egia dago  zure begirada dagoelako. Fikzioan agertzen dira aurretiaz pentsatu ez dituzun gauzak eta sorkuntzan bakarrik sortzen direnak. Baita zure desioen kontra ere. 

Zeure buruaren alderdi berririk edo espero ez zenuenik ezagutu duzu liburu honekin?

Ez dakit espero ez nuena ote den. Egia da liburu bakoitzean zeure burua hobeto ezagutzen duzula. Azken finean, islatuta ikusten duzu zeintzuk diren zure gaiak edo konstanteak. Harremanak, komunikazio gaitasunak, emakumeen egoera munduan, berdintasuna, feminismoa... nire liburu guztietan agertzen dira. Hemen ere agertzen dira. Idaztea zure mundua hobeto ezagutzeko modua da. “Harrizko bihotza”-n nolabait umea agertu da, neskatoa, ni gaztetan. Hori agian ez da agertu aurrekoetan. Nolabait esentziara itzuli naiz eta nik uste dut bizi dudan momentuagatik dela, guraso gabe egotean sortzen diren sentsazioengatik, besteak beste. Liburuak ispiluak bezala dira. Askotan idatzi bitartean konturatu gabe agertzen dira zure buruan zeuden gauza asko. Nik normalean nire liburuak itzultzen ditut eta hor ere ispiluaren beste momentu bat agertu ohi da. Hor ere sorpresak agertzen dira.

Definizio intimoak dira idatzitakoak, baina ez partikularrak.

Ez, begirada da intimoa. Baina munduan gertatzen diren gauza asko kontatzen dira, denok bizi ditugunak. Pertsonen artean diferentziak daude, baina nik uste dut gizakiak badituela oso antzekoak diren kezkak. Mendeetan zehar, gainera; ez da gauza garaikide bat. Liburuan begirada intimo batetik idatzita daude, baina edonork ulertu eta sentitu ditzake. Idazten dudanean, nahi gabe edo nahita, ez dakit ziur, baina hori gertatzen da: intimoa eta soziala uztartzen dira. Eta hori da interesatzen zaidana, soziala intimotik kontatzea.

Literaturak hori errazten du. Ez da prentsa edo saiakera bat irakurtzean bezala. Irakurri bitartean entzuten ari gara, nolabait. Fikzioan, aldiz, zerbait deskonektatu egiten da momentu batez. Eta istorioan sartzen zara. Pertsonaia horrek bizi duena zurea balitz bezala sentitzen duzu, hobeto ulertzen duzu. Enpatia da; maila altuago batean sentitzen duzu.

«Batzuetan uste dut gizon asko direla indarkeriaren aurka inplikatzen ari direnak. Baina gero pentsatzen dut ez direla hainbeste»

Begirada soziala zure literaturan konstantea da. Abizen bat gehitu beharko bagenio, feminista esango genuke. Adibidez, ‘Aitaren etxea’-n gizonen rolari erreparatu zenion. Eleberri hori 2025ean idatzi beharko bazenu, berdin egingo zenuke?

Egunaren arabera erantzun desberdina emango nizuke. Batzuetan botila erdi hutsik ikusten dut eta beste batzuetan erdi betea. Egia da hainbat alorretan gauza batzuk aldatu direla. Adibidez, emakumeen aurkako indarkeria jada ez da arazo pertsonal bat edo behintzat ez ofizialki. Gizon asko ere inplikatzen ari dira. Baina gero pentsatzen dut ez direla hainbeste.

Aldi berean, dena oso azkar doa. Gauzak etengabe aldatzen dira. Eta egun bizi dugun kontrako erasoa ere inguruan dugu. Berdintasunaren kontra, feminismoaren kontra... Ondo antolatua, gainera. Eta bereziki gizon gazteengan duen eraginean pentsatzen dut maiz. Batzuetan atzerantz goazela uste dut, baina pentsatu nahi dut erreakzio hori aurrerapen bat egon den adierazle dela. Baina asko dago egiteko oraindik  ere. Gizonen partetik bereziki, asko dago egiteko berdintasunean aurrera egiteko.