IRRATIA
Elkarrizketa
Irati Alvarez
Save The Childreneko kidea

«Gure nerabeek pentsatzen dute hori ez dela sexu-esplotazioa, auto-esposizioa baizik»

Save the Childrenen txosten baten arabera, gazteen %70ek ez dute identifikatzen interneten sexu-edukia saltzea sexu-esplotaziorako modu gisa. «Auto-esposizioa» egiten ari direla pentsatzen duten arren, esplotazio sexual eta ekonomikoaren biktima direla berretsi du GKEko Irati Alvarezek. 

Pantailen atzean ere sexu-esplotazioa ematen dela salatu du Save The Childrenek. (SEBASTIAN KAHNERT | AFP)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Hautsak harrotu ditu Save The Children GKEk publikatutako azken txostenak. 1.000 bat inkesta inguru egin dituzte 18 eta 21 urteko gazteen artean, adin txikikoak zireneko esperientziak galdekatuz. Eta emaitzak argigarri bezain kezkagarriak dira. Erantzun duten gazteen %70ek eta mutilen %75ek ez dute uste internet bidezko sexu edukien salmenta sexu-esplotazioari lotuta egon daitekeenik. Irati Alvarez Save The Children GKEko ordezkariak dioenez, «gure nerabeek pentsatzen dute hori ez dela sexu esplotazioa, auto-esposizioa baizik». 

Inkestaren datuak zehatzago aletzearekin batera, Alvarezek gogora ekarri du ezin dela berdintasunezko harreman askerik izan, botere harremanetan oinarrituta. «Dirua edo opariak kontrolatzen dituen pertsonak kontrolatzen du nerabea», ondorioztatu du. «Diru erraza» bezala ikusi dezaketelako nerabeek, Alvarezen ustez oso ongi ikasita dituzte diskurtsoak: «Esate baterako neskei esaten diete ahalduntzea dela, eta horrela beraien gorputza erabiltzera bultzatzen diete; mutilei produktu hau kontsumitzera edota mentore gisa lan egiteko proposamena egiten diete». Argitu du «mentore lana» emakumeei zer nolako edukia egin behar duten esaten dienarena dela.

Inkesta erantzun zuen %2,5ek esan zuen Onlyfans edo antzeko sexu esplotazioaren biktima izan direla, «arazoa perzepzioa da» Alvarezen ustez: «Inkestatuen hiru laurdenek esaten zuen ez zutela gaizki ikusten, ahalduntzea zela hori, dirua irabazteko modu legitimo bat». 

%50ek ongi ikusten du «Sugar datinga», eta hori hala izateko arrazoiak ere azaldu ditu GKEko kideak: «Autoesposizioa, beraiek azkenean arazo honetan sartzen dira pentsatzen dutelako beraien erabakia dela, atzetik dauden pertsonek oso ongi dakitelako emakume hauek nola konbentzitu».