«Literatura fikzioa izan daiteke baina ez da simulakroa, egia dago»
Traizioaren lehen zantzua inkomunikazioa dela uste du Laura Mintegik. Hori ulertu du ‘Akabo’ eleberria idatzi eta amaitu duenean. 19 urte egin ditu argitalpenik gabe, baina ez dio idazteari utzi. Zazpigarren eleberria da Txalaparta argitaletxearekin plazaratutakoa, seigarrena gordeta utzi du.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Hilketa baten berri emanez hasten da ‘Akabo’ (Txalaparta, 2025), Sheenak Manu hil du. 19 urte pasa ditu Laura Mintegik (Lizarra, 1955) eleberririk argitaratu gabe. Idazteari, ordea, ez dio inongo momentuan utzi. Prentsan argitaratutako elkarlanez gain, denbora tarte honetan beste eleberri bat idatzi du, baina kajoian gelditu da momentuz. Senak eskatutako moduan idatzi zuen bere ibilbideko seigarren eleberria. Argitalpenerako egokia ez dela jakitun zen eta hala berretsi zion editoreak. «Landuz gero, bazegoen hor nobela bat, baina nik ez nuen gogorik produktu hori errentabilizatzeko. Helburua gauza batzuk ulertzen laguntzea zen eta helburua bete zuen. Pozik nago». Suizidioa da ulertu beharreko errealitate hori.
Plazara agertu da berriz ere Mintegi, horrek berekin dakarren zirrara eta poza sentituz, baina baita beldurrez ere, «norbere intimitatetik ateratzeak» zer-nolako erantzuna jasoko duen jakin-minez. Mintegiren zazpigarren eleberriaren lehen edizioa bi hilabetean agortu da eta Durangoko Azokan izango da bigarren edizioa, zuzendua eta berritua. Lehen harrera, beraz, ez da batere txarra izan.
Berriz ere gai bat ulertzeko beharra sentitu zuen Mintegik «eta hau bai plazaratu eta komunikatu nahi nuela». Inkomunikazioaz jardun da lan berrian, eta noski, «kontraesankorra litzateke inkomunikazioaz hitz egin eta ondoren nik ez komunikatzea hori». ‘‘Akabo’’ du izena eleberriak, mahai gainean emandako kolpeak duen sonoritatea duen izenburu laburra. Idazleak aitortu du luzeagoa zela haren proposamena, hori sinonimoz osatua. Garazi Arrula editoreak batekin «nahikoa eta sobera» zela esan zion, eta orain, eskertuta dago haren laguntzarekin Mintegi. «Editore on batek testua hartzen duenean hobetu egiten du». Lehen zirriborrotik asko laburtu da eleberria, «zuzenketa kirurgikoak» egin ditu Arrulak. Gauza bera egiten duela bere ikasleekin aitortu du idazleak, baina norbere buruarekin egitea ariketa zailagoa da, zalantzarik gabe.
Traizioaren sintomak
Traizioa da «hasieratik amaierara arte eskutik eraman» duen hitza. Eta eleberriaren azken puntua idatzi ostean ulertu zuen ‘Akabo’-ren funtsa: «Traizionatzen duzunean, lehen zantzua, lehen sintoma, komunikatzeari uztea da». Eta hitzetatik harago doan zerbait da komunikazio falta: «Ez komunikatzea zuk zeuk buruan duzuna besteari azaltzen denborarik ez galtzea da, ez hartzea ardura besteak esan duena benetan aditzeko eta ulertzeko».
«Zuk zeuk buruan duzuna besteari azaltzen denborarik ez galtzea da inkomunikazioa, ardurarik ez hartzea besteak esan duena aditu eta ulertzeko»
Bikote harreman bat hartu du oinarri prozesu hori azaltzeko. Manu eta Sheenaren arteko bi urteko harremana. Baina idazleak ez du uste traizioa harreman erromantikoetan gertatzen denik esklusiboki. Irakurleei auzia gerturatzeko egin du hautu hori, baina Mintegiren aburuz traizioak bizi proiektu bat partekatu edo elkarrekin eraikitzean gertatzen dira. «Izan daiteke proiektu kultural batean, proiektu politiko batean, proiektu zientifiko batean... Bizitza proiektua batzuen artean eraiki egiten da konpromisoarekin eta eskuzabaltasun handiarekin. Elkarrekin zerbait asmatu, deskubritu, eraiki edo sortu nahi da. Eta orduan hor gertatzen dira traizioak». Eta traizioaren ostean zer dator? Isiltasuna. «Ez parte hartzea, ardurak ez hartzea, pozak eta gorabeherak ez partekatzea».
Mintegiren ustez traizioak errazago identifikatzen ditugu bikote harremanetan. «Eskurago dugu, asko sentitu daitezke identifikatuta edo ezagutu dute halakorik haien edo albokoaren curriculum afektiboan. Eta horregatik jo dut horretara, baina egia esan niretzat esanahi bera du beste eremu horietan».
Egiaren ederra
Irakurleari «azken orrialderaino heldu dadin erraztasunak» ematearen garrantzia azpimarratu du Mintegik, baina ez du uste hori irakurlea gutxiestea denik. «Erraztasunak ematea ez da sinplekeria, ez da arinkeria. Ez da honezkero arrakasta lortu duten formak erabiltzea, ez da errepikapena, ez da plagioa. Erraztasunak ematea, hain zuzen, irakurlea zuk nahi duzun punturaino eskutik eramateko giro bat sortzea da. Eta hori lortu daiteke oso gauza sakonak idatzita ere. Eta oso hausnarketa potenteak eginda. Irakurlea ez da tratatu behar tontoa edo alperra balitz bezala».
Eta zein da, orduan, eleberri baten arrakastaren gakoa? Mintegiren ustetan norbaitek liburu bat osorik irakurtzen badu, interesa sentitu duelako da. Eta sinplekeria dirudien baieztapen honi ere eman dio bere dimentsioa: «Irakurleak ez du errazkeria edo kopia bilatzen. Nik uste dut literatura fikzioa izan daitekeela, baina ez da simulakroa. Ez da faltsua. Nik uste literaturan egia dagoela, badago zerbait autentikoa. Modu autentikoan idatzia bada, norberak ez badu erredakzio ariketa sinple bat egin, bere buruari ez badizkio gezur txikiak kontatu, hor egia dago».
«Ez dut askorik sinisten soilik zer esaten ari den irakurtzen dugun elkarrizketetan. Hitzak baino gehiago dira»
Sheenak ez moduan, Mintegik ez du inork hil. «Kontatzen ditudan gauzak ez zaizkit gertatu. Nik ez dut inor garbitu, eta eleberriaren lehenengo orrian pertsona batek bestea hiltzen du». Bizitza errealean egoera hori bizi ez izan arren, idazleak aitortu du «azkenengo minuturaino» bizi izan duela fikzioan. «Eta egia da, egia bat da. Errealitatean gertatu ez bada ere».
Zer baino, nola esan
Hilketaren berri emanez hasi du eleberria, baina kontakizun osoan zehar Sheena eta Manuren istorioa da haria. Hala ere, hilketa ez da abiapuntua, ezta amaiera ere. Nola elkar ezagutu, maitemindu eta azkenean urrundu egiten diren azaltzen du ‘Akabo’-k. Baina baita ere zer gertatzen den hilketaren ostean. Bi denborekin jolastu du horretarako idazleak, hilketaren aurreko eta osteko kontakizunak kapitulu laburretan tartekatzen dira. Arin, kolpeka, «pastilla kontzentratuetan». Sheena eta Manuren komunikazioa eta inkomunikazioa saltoka jasotzen du irakurleak.
«Banekien horrela hasiko zela, beharra sentitu nuen. Ez galdetu zergatik». Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika saileko irakaslea da EHUn, eta irakasle moduan dituen ajeak, ordea, ezin ditu bere idazle fazetan aplikatu. «Irakasle moduan autopsia bat egin diezaioket nobela bati, baina idazle moduan oso intuitiboa naiz. Gauzak datozen moduan eta datozen erara isuri eta paperean islatu behar ditut».
350 orrialde ditu eleberriak. Luzeagoa zen hasiera batean. «Espazioa» behar zuen Mintegik. Bere lehen argitalpena, ‘‘Ilusioaren ordaina’’ (1983, Erein), zazpi ipuinez osatutako bilduma zen. Ordutik hona nobleak idatzi ditu. Zazpi idatzi ditu, seigarrena da ‘‘Akabo’’. Jakitun zen hilketa batekin hasten zen eleberriak hainbat gauza azaldu behar zituela: zer gertatuko da gero? Jakingo al da? Ez al da jakingo? Ondorioak izango al ditu? Horrez gain, pertsonaiak «ulertu eta sentitu» behar zituen. «Ni izan naiz bata eta izan naiz bestea, alternoki. Beraien barruan sartuta, beraien barrutik idatzi dut. Gauzak egin eta esan ditut beraiek izan naizelako. Ez dut plantarik egin». Idazketa prozesua intentsoa izan dela aitortu du. «Momentu batzuetan airea falta zitzaidan, kalera atera behar nintzen, haizea hartzera, beste momentu batzuetan itzelezko hotza sentitzen nuen eta manta batean bilduta idatzi behar nuen. Momentu batzuetan txarto pasatzen da».
Komunikazioak edukia du oinarri, noski, baina esanahia ere ematen du formak. Zeharkako dialogoak ditu eleberriak: «Irakurtzen duguna ez da pertsonaiek esaten dutena, baizik eta esandakoaren haria, bestea pentsatzen ari dena». Hori da irakurleak jasotzen duena, ikuspegi askoz sakonago edo psikologikoago batean. Mintegik uste du elkarrizketa batean «ez daudela hitzak bakarrik. Ez dut askorik sinisten soilik zer esaten ari den irakurtzen dugun elkarrizketa batean». Elkarrekintza da gakoa: «Komunikazioan ‘zu’ izan dena ‘ni’ bihurtu behar da eta ‘ni’ izan dena ‘zu’ bihurtu behar da. Eta aldaketa hori egon arte ez da elkarrizketa bat, monologoa da».