IRRATIA
Elkarrizketa
Mikel Valdivielso
Ehunmilak Ultra Traileko antolakuntzako kidea

«Arima eman dio lasterketak herriari»

Euskal Herriko mendi lasterketa entzutetsuenetako batek ez du argia ikusiko datorren urtean: Ehunmilak Ultra Trailek. Arazo ekonomikoak, nekea eta errelebo falta dira arrazoia eta «herria triste» egongo dela azaldu digu Mikel Valdivielso antolakuntzako kideak, «arima eman baitio lasterketak».

Mikel Valdivielso Ehunmilakeko antolakuntzako kidea. (Mikel Valdivielso)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Ehunmilak Ultra Trail bezalako proiektu bat antolatzea ez da asteburu bateko kontua, eta hori ondo azaldu digu Mikel Valdivielso antolakuntzako kideak. Urte osoan zehar egiten den lana da, isilean baina etengabe. «Jendeak ikusten duena da asteburuko jai erraldoia, baina atzean hilabeteetako planifikazioa dago: baimenak, segurtasuna, ibilbideak, hornidura guneak, boluntarioak… dena lotu behar da», dio. Eta elementu horietako bakoitza zaindu ezean, engranajeak ez du funtzionatzen.

Antolakuntzako kideak nabarmendu du beti izan dutela argi kalitate minimo bat bermatu nahi zutela, eta horrek are gehiago handitzen zuela presioa. «Ehunmilak ez da edozein lasterketa, maila altuko proiektua da eta horrek exijitzen du xehetasun guztiak zaintzea», azaldu du. Horregatik, azken urteetan baliabide ekonomikoen eta giza baliabideen faltak gero eta eragin handiagoa izan dute. «Gure erritmoa ez zegoen gastuen erritmoaren pare, eta egia da horrek nekatzen zaituela», aitortu du.

Halere, Mikel Valdivielsoren hitzetan, antolakuntza lanak ez du bakarrik neke fisikoa eragiten, emozionalki ere kargatzen du. «Boluntarioen, korrikalarien eta herri oso baten ilusioa eramaten duzu motxilan», dio. «Arima eman dio lasterketak herriari», Valdivielsok azaldu duenez, eta datorren urteko uztaila iristen denean «herria triste egongo da», bere hitzetan. Dena den, gauza bat argi du: «nahiago dugu duintasunez atseden hartu, gure mailari eutsi ezinik jarraitzea baino».

Hala ere, ateak ez dira itxi. Antolakuntzak argi utzi du prest dagoela proiektua beste talde baten esku uzteko eta beraiei laguntzeko. «Oraindik ez gara hil, eta dagoeneko tanatorioan jartzen gaituzte», dio Valdivielsok, «eta ez da hori». Argi utzi nahi izan du Ehunmilak sortu zueneko konpromisu berbera hartu duela lan talde berri bat sortzen saiatzeko.