IRRATIA

«Horregatik izango da Arantzazuk poesia baliatu izana, bihotzetik bihotzera hitz egiteko»

Zebrabidean literaturazaleak gara, baina batzuetan ez dugu jakiten zer irakurri. Eskerrak horretarako liburu gomendioak besapean etortzen diren kolaboratzaileak ditugun. Astearte honetan Harkaitz Delgado, Leitzako Liburuzaina, izan da ZEBRABIDEAN Arantzazu Lizartzaren 'O Negatiboa' liburuarekin.

Arantzazu Lizartza bere lehen poesia liburuarekin (Gorka RUBIO | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


«Aitortu behar dut oso berandura arte ez nuela jakin zein zen nire odol-mota. Entzunak nituen odolaren inguruko hainbat kontu: euskal arraza jatorrizkoaren -baina ez zertan jatorraren- RH negatiboarenak, bazirela odol garbikoak –eta, beraz, odol zikinekoak ere izango zirela-, eta, harrigarriena egiten zitzaidana, odol urdinekorik ere bazegoela, nik, ordura arte, odol gorria besterik ikusi ez banuen ere. Ez nuen medikuntzarik ikasi behar izan jabetzeko kontu horiek guztiak kontuak baino ez zirela, eta, denborarekin, ikasi ere ikasi nuen, metaforetatik harago, gauza askoren alde zegoela odola ematerik, nahiz eta ni emateko baino hartzeko hobea izan».

Zebrabidean literatura asko gustatzen zaigu, baina batzuetan ez dugu jakiten zer irakurri. Eskerrak horretarako liburu gomendioak besapean etortzen diren kolaboratzaileak ditugun. Astearte honetan Harkaitz Delgado, Leitzako Liburuzaina, izan dugu gurean, Arantzazu Lizartzaren 'O Negatiboa' liburuarekin. Hainbat kontu izan ditugu hizketagai, liburu honetatik abiatuta; poesia gutxi irakurtzen dela oro har, baina maiz erabiltzen dela errekurtso moduan; euskaraz poesia gutxi irakurtzen dela; ogibideen inguruko aurreiritzien inguruan...

«Odol-talde guztien letrak ezin omen dira nahasian, batera, gorputz berean sartu; bai, ordea, liburu batean, eta horregatik izango da, akaso, Arantzazu Lizartza Saizar medikuak poesia baliatu izana, bihotzetik bihotzera hitz egiteko. “O negatiboa” poesia liburua kaleratu berri du Leitzarrak, Pamiela argitaletxearekin. Askotariko gaiak lantzen ditu bertan, denak ere mediku baten ikuspegi poetikotik eginak. Poeta medikua den, edo mediku poeta, ezin argi esan. Arantzazu poeta ezagutzeko aukera eskaintzen digu “O negatiboa” liburuak; Arantzazu medikua ezagutzeko, itxaron-zerrenda luzea izango da, ziurrenik ere».