IRRATIA

Kultura Jainkoari so

Alauda Ruiz de Azuaren 'Los Domingos', Rosaliaren 'Lux, C. Tangaren 'Ateo', Iñigo Quinteroren 'Si No Estás' edo Los Javis zuzendarien 'La Mesías'. Pop kulturak lekua egin dio kristautasunari azkenaldian.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Zinemaren Jaiaren 25. edizioa ospatu dugu azken egunetan Hego Euskal Herrian. Atzo izan zen azken eguna, baina dagoeneko ehundaka euskal herritarrek 3,5 euroko prezio berezian ikusi ahal izan dituzte zinema-aretoetako film guztiak. Eta aitzakia horrekin, asko izan dira Alauda Ruiz de Azuaren 'Los Domingos' ikustera joan direnak. 

Pelikulan, Ainarak, 17 urteko gazte idealista eta azkarrak, unibertsitateko zein gradu ikasiko duen erabaki behar du. Edo, behintzat, hori espero du bere familiak. Hala ere, neskak adierazten du Jainkoarengandik gero eta hurbilago sentitzen dela eta klausurako mojaren bizitza dastatzeko asmoa duela.

Ez da hain harritzekoa. Inkesta ugariren arabera, gaur egun, gazteen % 30ak katolikotzat jotzen du beren burua, eta antza denez, pandemia garaitik joera aldaketa eman da. Z belaunaldia espiritualtasunera itzultzeak hainbat jatorri izan ditzake: mundu konplexu batean bizi gara, gazteek beraien etorkizuna gurasoena baino okerragoa izango dela entzun dute behin eta berriz... Eta, paradoxikoki, erlijioa irtenbide gisa agertu zaie, sentimendu horien alternatiba gisa. Euskal Herrian ez ezik, Erresuma Batuan eta Frantzian ere joera hori erakusten duten txostenak daude. Eta musika da horren erakusleetako bat. 

Gaur argitaratu du Rosaliak 'Lux' diskoa. Urriaren 20an, disko berria iragarri zuenean, zalaparta handia sortu zuen Madrilgo Gran Vian. Callao plazan Luxeko portada proiektatu zuen; bertan, artista moja jantziarekin agertzen den. Albistea diskoa bera baino, beste bat izan zen: Rosaliak erlijiora jo du (estetikoki behintzat). 

Baina ez da kontu berria. Musikariak 'El Mal Querer’ argitaratu zuen 2018an. Diskoaren azalean artista agertzen da, aingeru bat bezala, besoak gurutze moduan luzatuta, uso zuri bat buru gainean, hodei artean eta aureola handi batez inguratuta. 

Bi mugarri hauek aitzakia gisa hartuta, kristautasunak kulturan hartu duen lekuaz aritu gara Bigarren Kafean.