IRRATIA

Urpean ito gabe ibiltzeko musika Eskafandra taldearen eskutik

McOnak proiektua lozorroan sartu ostean musika berria sortzeko grinari jarraika, Eskafandra taldea martxan jarri du Joseba Iturraspe musikari lekeitiarrak. Elena Lezaun, Iban Martin, Maren Seijo eta Maider Zubizarreta lagun hartuta, estreinako disko homonimoa kalean da. MusikHaria saioan izan dira.

Eskafandra taldekoek debuteko diskoa kaleratu dute 2025eko udazkenean. (ESKAFANDRA)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Hamaika abestiz osatutako estreinako lana da Eskafandra talde lekeitiarrak kaleratu duena. Rock kulturatik asko edaten duen debuteko lana den arren, denetariko kontuak topatu ditzakegu pieza bakoitzean. ‘Erdipurdikotasuna’ izeneko abesti arin batekin abiatzen da urperako bidaia, garbitasuna eta zikintasuna orekan dituen abesti batetik. Eszenan bakoitzak bere tokia behar duela aldarrikatzen duen abestian, mezu zorrotzekin egin dezakegu topo.

Bide antzekotik jarraitzen du ‘Arrakasta’ kantuarekin diskoak. Rock klasikoa, taberna girokoa, du oinarri eta arrakasta zer den eta zer ez denaren gogoeta egitera eramaten gaitu. Diskoari, taldeari eta abestiari izenburua ematen dio ‘Eskafandra’ abestiak, baxu eta sintetizadoreekin halako giro berezi bat sortzen du, baina halako bola sentsazioa izatearen eta argia topatzearen arteko oreka musikala du kantuak eta zentzua ematen dio izenburuari. 

Garai berrietan arraro edo lekuz kanpo bilatzen denaren kronika bezala uler dezakegu ‘Kanibala’ pista, abesteko modu berezian entzuten dugu hemen Iturraspe eta perkusioaren erabilera fina egin dute errepika dotorea duen kantuan. Itsasoaren presentziak ezin zuen hutsik egin autorearen iragana eta jatorria ezagututa, eta hala dator ‘Eta orain zer?’ abestia. Baxu linea dotorea, gitarraren akorde zorrotzak eta gerria mugitzera gonbidatzen duen erritmoa du kantuak, dena galduta dugunean sikiera dantzan egiteko aukera dugula aldarrikatuz.

Rock amerikarraren eta hip-hoparen arteko hibrido bat eskaini digute ‘Apostasia’ sistemaren aurkako abestian eta 80etara bidaiatzen dugu Mikosis taldeko Carla Raepierceik kolaboratzen duen ‘Azken oroigarria’ kantuan. «Denborarena da sinisten dudan justizia» esaten du kantuak, bakoitza bere tokian jartzen duen elementuari erreferentzia eginaz. 

Rock konkretu baten soinuetara eramaten gaituen gitarra entzuten dugu ‘Konplize’ abestian, elementu erritmiko ugari entzuten dira gainera bertan: kaxaren uztaia, tinbalak, tambourinea, gitarra jotzeko palm-mute teknika… Kantu filosofiko bat modu arinean kantatua. 

Imagine Dragons taldearen unibertsora bidaiatzen dugu ‘Ezer sentitzen’ abestian eta bapatean swing asko duen rock batetara aldatzen da abestia, taldearen eklektizismoaren adierazle. ‘Ondotxo dakizu nora’ ereserki kutsua duen kantua da beren sorkuntza propioko azkena, nahiz eta diskoa ‘Tabernako argiak’ McOnak taldearen klasikoaren moldaketak ixten duen.

Ibai Silicato lekeitiarrak egin die diskoaren diseinua eta Josu Ervitiren eta Iban Martinen estudioaren artean grabatu dute lana. Zuzenekoak ere laster etorriko dira, baina, bitartean, entzun Iturraspek diskoari buruz MusikHaria saioan eman zizkigun azalpenak.