«Gizarte urbano eta landa-eremukoaren artean banaketa handia dago»
Landa eremuan lan egin nahi dutenek aukera bat dute Gomiztegi baserrian; bertan, artzain eskoletan lanbidearen inguruko oinarriak ikasiko baitituzte. Ane Gartziaindia Gabilondo, bertako irakaslea Bigarren Kafean izan da.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Ingenieritzen, medikuntzaren, zuzenbidearen eta teknologiarekin lotutako beste ehundaka lanbideren artean, tradizioak ba du tokirik? Artzaintza bezalako lehen sektoreko lanbideek badute tokia? Bada Gomiztegi baserrian, Arantzazu auzoan, artzain eskoletan bide hori egiten ikasten du bertaratzen denak.
Ane Gartziaindia Gabilondo irakaslea da bertan; eta bere bidea albaitaritzatik hasi zuela kontatu du: «Albaitaritza ikasketak egin nituen eta beti ardiak izan ditut gustuko». Artzain ezberdinekin lanean aritu da eta esperientzia guztietatik zerbait ikasten zuela azpimarratu du Gartziaindiak.
Gizarteak aurrera egin duen bezala, abeltzaintza eta artzaintzak ere aldaketak jasan ditu. «Asko aldatu da, esentzia mantentzen du baina egokituz joan da beharraren ondorioz, baina baita artzaiak gizartearekin bat aldatzen doazelako ere», azaldu du Anek. Hala ere, orain lanbidearen inguruan ezjakintasun handia dagoela ere aitortu du: «Gizarte urbano eta landa-eremukoaren artean banaketa handia dago».
Artzaintza eta honek dakartzan adar ezberdinen inguruan formatzen dira Gomiztegi baserrian. Tradizioa mantentzen jarraitzen dute gaurko gizarte azeleratuan eta honen inguruan hitz egiteko, gaur Bigarren Kafean izan da Ane Gartziandia Gabilondo.