«Juntsek abisatu zion. Adostu ez ezik, bete egin behar da»
PSOErekin harremanak etetea erabaki du Juntsek. Gorka Knorrek urtebete daramatela «abisatzen» esan du, negoziaketetan agindutakoa bete ez eta Espainiako Gobernuak «nahieran» erabili dituelako. Aurrera begira, Espainiar Estatuko Kongresuan gaien arabera bozkatuko dutela argitu du.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Junts per Catalunyako Zuzendaritzak aho batez erabaki du PSOErekin dituen akordioak haustea Perpinyan egin duen bileran. Carles Puigdemontek azpimarratu du bere helburua ez dela «Espainiako egonkortasunari» laguntzea, Kataluniarentzat onurak lortzea baizik.
Gorka Knorr Juntseko kidea da eta Europan Estatuko hizkuntza gutxituen ofizialtasuna lortzeko negoziatzaile taldeko koordinatzailea. «Hastura aspalditik zetorrela» argitu du Knorrek, «abisua» eman diotela behin eta berriz, baina ez direla gauzak aldatu. Salatu du gai nagusienak geldirik daudela eta «Espainiako Gobernuak negoziaketen martxa nahieran erabili du eta gurekin kontatu gabe egin dituzte gauzak. Negoziatu ez ezik, bete egin behar dira gauzak; ezin gara egon beste urtebete, zirt edo zart», esan du.
Legealdia bukatutzat eman du Juntsek?
Galderarik nagusiena Juntsek zer egingo duen hemendik aurrera da Kongresuan. Aurrez ere inbestidurako blokea deritzonetik banadu izan da zenbait bozketetan. Knorrek esanetan ezin dira gauzak nahastu. Kataluniarentzat ona den proposamenak baldin badaude, baiezkoa emateko arazorik ez dutela izango adierazi du. PSOEren jarreraren araberakoa izango da Juntsen mugimendua. Hordagoa botata dago, beraz.
Bestalde, Kataluniako udalerrietan Juntsek PSCrekin dituen akordioak bestelako dimentsio batekoak direla uste du, beste dinamika eta gako batzuetan egiten direla.
Hizkuntza ofizialen kartera
Europan euskara, katalana eta galizera ofizial izan daitezen negoziazio taldearen koordinatzailea da Gorka Knorr alderdiaren izenean. Gauzak nahiko bideratuta daudela esan du, baina orain ikusteke dagoela guztia. Aho batez onartu behar dute herrialdeek ofizialtasun hori. Alemanian Gobernu aldaketa eman zenean kinka larrian geratu zen dena, baina Espainiako Gobernuak Alemaniakoarekin negoziatu du eta badirudi gauzak bideratu direla. Nolanahi, dena airean dago oraiin.