Indarra, glamourra eta zaurgarritasuna: Pop divak aztergai
Arrakasta eta glamourra dituen emakumezko pertsonalitate famatuari, edota arrakasta itzela lortu duen emakumezko pop abeslari bati deitzen zaio diva. Edonola ere, emakumezkoei izendatzeko ezaugarria da divarena; gaur, Ad Libitumen, kontzeptu honekin ibiliko gara bueltaka.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Diva hitza latinetik dator eta literalki jainkosa esan nahi du. Jainkosa ez den beste zerbait izendatzeko joera Italiako berpizkunde garaitik dator: euren talentuarengatik nabarmentzen ziren zenbait emakume izendatu eta deskribatzeko erabiltzen hasi ziren garai hartan. Ostera operako Prima Dona deritzonari deitzen hasi zitzaion diva; ahots soprano nagusiari, alegia.
Hala ere, saio honetan pop divaren fenomenoa aztertuko dugu gehien bat: gutxi gora behera, 60. hamarkadan topa dezakegun irudi honen sorrera. Cher abeslaria har genezake divaren prototipo gorenetako gisa, eta bre irudia hartuko dugu hainbat ezaugarri aletzeko: ahots indartsua, izaera askea, estetikaren garrantzia, arte ezberdinetan talentua izatea, musika estilo aldetik kamaleonikoa izatea eta arauak apurtzea, besteak beste.
Ikonoaren zentzu zurrunenetik aldentzen diren beste hainbat diva alternatibo ere ezagutuko ditugu, noski: pop-a ez den generoetatik etorritakoak, transgresioa besarkatu dutenak, antidivak direnak edota, haiengandik uste denaren kontra, gizarteko kausa ezberdinekiko konprometituak direnak.
Hemen topatuko duzu diva bat identifikatzeko gidaliburua: kontzeptua nola sortu zen, zein ezaugarrirekin erlazionatzen den, eta zer nolako garapena izan duen hamarkadetan zehar.