IRRATIA

Play offak jokatzeko xedea, etxekoekin hazteko erronka eta nesken talderik ez izatearen arantza

AMPO Oridizak 21. denboraldia du errugbiko maila gorenean. Gero eta zailagoa da mailari eustea, eta iaz sufritu ondoren entrenatzaile berria du taldeak: Suso Romero. Fitxaketekin eta eskola indartzearekin batera, play offak jokatzea dute helburu. 

Suso Romero Ordiziako entrenatzailea (Gorka Rubio | Foku)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Garaipen batekin hasi zuten denboraldia, Altamira Errugbi zelaian La Vilari irabazita (27-16). Bigarren jardunaldian, ordea, ezustekoa: aurten igoera  lortu arren, Liceo Frances taldeak 32-19 menderatu zuen Goierriko taldea. Hirugarren jardunaldiko atarian NAIZ irratiko galderak erantzun dituzte klubeko zenbait kidek.

Kirol zuzendaritzak Suso Romero entrenatzailea hautatu du taldeko gidaritza har dezan. Fede Gallo argentinarrak hiru urte bete zituen Ordizian, eta Koro Bosquek, klubeko presidenteak, entrenatzaile aldaketa «beharrezkoa» zela adierazi du. Izan ere, iazko denboraldiko emaitzak ez ziren onak izan. 

Hasierak zailak izaten diren arren, bide onean

Taldeak ligako hirugarren partidua jokatuko du igandean, eta Suso Romero entrenatzailea pozik dago gaurdaino egindako lanarekin: «Lehenengo eguneko taldea ikus nahi dut, defentsa lanetatik haziko dena». Presidenteak, bere aldetik, aldagelaren batasunean jarri du fokua: «Nahiz eta talde berria izan, lan giro ederra dute mutilek, eta hori emaitzetan eragina izango du».

Alain Araña, taldeko kapitaina, pozik agertu da Romeroren fitxaketarekin, «hiru urte ondotik behar genuen aldaketa izan da». Halaber, Romerok «sistema berriak» ekarri dituela adierazi du Arañak: «Sentsazio onak izan ditugu hasieratik, eta hori abiapuntu ona da». 

Urriak 26, igandearekin, ligako laugarren jardunaldiko partidua jokatuko dute, Altamira Errugbi Zelaian Bartzelonaren aurka. Kataluniako taldea ez dago sasoi onean, ligako 3 partiduak  galdu baititu. Ordiziako taldeak, gainera, norgehiagokoa prestatzeko 3 aste izan ditu. Araña baikorra bada ere, «adi» ibili beharko dutela adierazi du: «Gauzak ongi egin behar ditugu, aurrean dagoen aurkaria dagoela». Kapitainaren ustez, liga «inoiz baino gogorragoa» da aurten, beraz, denboraldiari hasiera ona ematea «ezinbestekoa» izango da. 

Eskola etorkizunerako «giltza» eta «iparra»

Errugbi eskolak garrantzi handia du klubean. Azken urteotan lanketa «berezia» eta «bereiztua» egin dute, eta aurten Xabier Rodriguez izendatu dute eskolako arduradun. Rodriguez azken bi urtetan Majadaondako entrenatzaile gisa aritu ostean, etxera bueltatu da erronka hau eskuartean.

Harrobiko jokalariak lehen taldean aritzea da helburua, baina horren «zailtasunaz» jakitun dira klubean. Izan ere, Rodriguezek azaldu duenez, «mailari eusteko fitxaketak eta harrobiko jokalariak uzartu behar ditugu». Rodriguezek azaldu du «pertsonak eta jokalariak formatzen» dituztela, eta horretan huts egin ezean, «jokalaria herren». 

Arantza eta erronka

2021. urtetik AMPO Ordiziak ez du emakumezkoen talderik. «Saiakerak egin arren, oso zaila» dela onartu du presidenteak. Eskolako arduradunak, Rodriguezek, ildo beretik egin du, eta «zailtasunak zailtasun» saiatu direla nabarmendu du. Badute, beraz, «arantzatxoa» eta «erronka».