IRRATIA
Elkarrizketa
Aitor Elduaien
Kirol esataria

«Transmititu egin behar duzu zerbait, eta zerbait hori pasioa bada, bingo, hor daukazu saltsa»

Gaztetatik mikrofonoa eskuan, Aitor Elduaienek makina bat urte daramatza kirol eta kultur ekitaldietan speaker edo esatari gisa, «kirolarien larruazalean sartu, hauen emozioak transmititu eta zaletuak animatu asmoz». Tolosarrarekin aritu gara luze eta zabal hizketan lanbide hau ezagutu nahian.

Aitor Elduaien Mendi Film jaialdi ospetsuan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Kirol proba baten helmugan, mendiko lasterketa batean edo jaialdi baten agertokian, askok entzun izan dute bere ahotsa: Aitor Elduaienena. Tolosarra izanik, urteak daramatza mikrofonoaren beste aldean, kirol eta kultur ekitaldiak gidatzen eta animatzen, pasioz eta profesionaltasunez. Speaker eta komunikatzaile gisa, bere lanaren oinarrian beti dago aurre-prestaketa, enpatia eta pasioa.

Elduaienek gaztetxo zela piztu zuen txispa hura gogoratzen du: «Aurkezle lanetan aritu nintzen beste lagun batekin, biok mano a mano, eta horrek piztu ninduen”. Ordutik, mikrofonoak lagun izan ditu bizitza osoan. Irratian, kalean, oholtzan edo kirol-proba baten helmugan, komunikazioa da hari nagusia. «Oso gustuko nuen zerbait da, eta horregatik lanbide ere izan zitekeela pentsatu nuen. Inertzia batean sartu nintzen, baina bazegoen bokazio puntu bat ere», azaldu du.

Bere ustez, speaker izatea ez da kirol-proba baten kontakizuna egitea soilik. Emozioa, erritmoa eta publikoarekin konektatzeko gaitasuna behar dira. «Kalea animatuko duen hori, animatzailea. Publiko hori, baita kirolaria ere, informatuta eta animatuta eduki behar da”, dio Elduaienek. «Asmatzen baduzu, irrifarrarekin ikusten badituzu, zure mezua iristen delako, hori da lorpenik politena».

Inprobisaziorako gaitasunetik badu speaker batek, baina aurretik orduak ematen direla prestatzen ere argi utzi nahi izan du Elduaienek. «Inprobisatzeko jarioa izan behar da, baina oinarri on bat baldin badaukazu hobe, hor zaude a full!», dio tolosarrak. Hala ere, ondo prestatuta egon arren, egoerak malgutasuna eta inprobisazioa ere eskatzen duela onartu du.

Bere ahotsa kirolarien emozioen parte izaten da maiz, garaipenetan eta porrotetan, eta une horiek dira, hain zuzen, bere lanbideari zentzua ematen diotenak. Behin baino gehiagotan hunkitzera iritsi dela ere aitortu du tolosarrak.

Antolakuntzarekin harreman zuzena du beti, eta talde-lana ezinbestekotzat jotzen du Elduaienek: “Antolakuntzako kide bat gehiago zara, haien bozeramale eta ispilu”, dio. Horregatik, egoaren inguruan ere hausnartu du: “Gure lanbidean ego gehiegi dago batzuetan. Niri apaltasunetik jokatzea gustatzen zait”.