IRRATIA

«Aurrera begirako elkarlanaren oinarriak jartzea izango da topaketen helburua»

Urriaren 24an eta 25ean desazkunde turistikoaren aldeko topaketak egingo dira Donostian. Bizilagunekin elkarteak antolatu duen ekimenean izena emateko epea urriaren 22an itxiko da eta elkarteko Amaia Oulad eta Eihar Egaña Bigarren Kafean izan dira gaiaz hitz egiteko.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Donostiako kasua izan dute hizpide Ouladek eta Egañak. «Urtez urte markak hausten doa hiria; garatzen diren politikak, administrazioa eta industria turistikoa hori elikatzen ari dira; kaleen merkantilizazioa, makro-ekitaldiak…». Egoeraren argazkia egite aldera, adibide bat jarri dute. «Bost izarreko hotel bateko langileak ezin du gaua bertan pasa; ikerketa batzuen arabera New Yorken baino garestiagoa da Donostian lo egitea». 

Turistifikazioak kezka eragiten du Euskal Herriko leku askotan eta gaiaz arduratuta, eragile ezberdinen arteko saretze bat ematen ari da. Urdaibai, Bilbo edo Iruñeko adibideak jarri dituzte eta eragile kolektiboez gain, egoerarekin kezkatuta dauden norbanakoak ere badituzte bidelagun. «EHUko ikerketa baten arabera donostiarren 10etik 7k dio turistifikazioarekin kezkatuta dagoela».

Topaketen egitarauari dagokionean, urriaren 24an arratsalde partean mahai inguru batekin hasiko dira eta larunbatean bete-beteko egitaraua izango dute mahai inguru gehiagorekin, tailerrekin eta bestelako ekintzekin. Bazkaria ere izango da eta eremu ez formal horiek hausnarketarako gune interesgarriak izan daitezkeela uste dute antolatzaileek.

Izena emateko epea urriaren 22an itxiko da eta interesatuek Bizilagunekin elkartearen webgunean aurkituko duten formulario bat beteta eman ahal izango dute. Bertan zehaztu beharko da zein jardueretan hartu nahi den parte eta bazkarian izena emateko aukera ere izango da. 

Entzun Amaia Ouladekin eta Eihar Egañarekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.