«Uste dut CAFek hausnartu egin behar duela, bere langileek eskatu dioten moduan»
Jerusalemgo proiektuarekin kritiko, bere «langileei entzuteko» eskatu dio CAF enpresari Maddalen Iriartek, EH Bilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariak. Diputazioaren inguruan, PPrekin hartutako norabidea «errefusatu» du Iriartek.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Gipuzkoako politika orokorreko eztabaida martxan dago Batzar Nagusietan. Eider Mendoza diputatu nagusiak egindako hitzaldiaren ostean, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea izan da NAIZ Irratian.
Gipuzkoako Foru Gobernua abangoardian egoteko ez dela ezer egiten ari uste du Iriartek, egoera konplexuari aurre egin ordez momentuari soilik erantzuten diola. Zentzu horretan, politika publiko eraldatzaileak eskatu ditu.
Egoerak frustrazioa eragiten dio EH Bilduko ordezkariari, bereziki EAJ eta PSE bikoteak bakoitzak bereari begiratu eta PP aritmetikan sartu dutelako. «Biribilgune bat egiteko ulertzen dut akordioa batekin edo bestearekin egitea. Gai estrukturaletan ordea, aurrekontu edo politika fiskalean aurrera egiteko beste ikuspuntu zabalagoa behar da. Eskua berdin luzatzen diote EH Bilduri edo PPri. Politiken norabideagatik ez da gauza bera bati edo besteari eskua luzatzea, proiektu antagonikoak gara», esan du.
Aurrekontuetan, iaz moduan Eusko Legebiltzarrerako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako aurrekontu proposamen orokorra igorri die EAJ eta PSEri EH Bilduk. Ildo ezberdinak markatu ditu: demografia erronka, gizartearen zahartzea, migrazioak, ekonomia, krisi klimatikoa, euskara.... «Politika publikoak ez dira orain arte egindakoak, eraldatu egin behar da, herritarrak eta eragileak engaiatu behar ditugu, gobernantza demokratikoagoa delako», gehitu du Maddalen Iriartek.
Genozidioaren salaketa, elkartasuna, CAF...
Gipuzkoako Batzar Nagusietako politika orokorreko eztabaidan Eider Mendozak CAFek Jerusalemgo kontratuari uko egitea enpresaren itxiera ekar zezakeela iradoki zuen. Horren aurrean, Iriartek hausnarketa eskatu dio CAF enpresari: «CAFi dagokionez, bere langileak ere badira eta hauek oso argi esan diote zuzendaritzari zein den bidea. Kritiko gara CAF Jerusalemen egiten ari den bideaz. Uste dut hausnartu egin behar duela zer egin dezakeen genozidioa gelditzeko, bere langileek ere eskatu dioten moduan».
Flotillako ordezkariei elkartasuna adierazi, gertaturikoa arbuiatu eta genozidioa berehala eten behar duela Israelek esan du. Horren aurrean Euskal Herrian izaten ari den elkartasun eta mobilizazioak goraipatu ditu EH Bilduko ordezkariak.