«Erronka handiak sektorean dira belaunaldi erreleboa eta langile kualifikatuak lortzea»
Lakuak Haziren bitartez Gomiztegi Artzain Eskolako titulartasun osoa hartu izana da ikasturte honetako berritasun nagusia. Ongi egin diren gauzei «jarraipena» ematera eta behar den alorretan «bultzada» sustatzera datozela azaldu du Hazi Fundazioko teknikari Amaia Garrastazuk.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Ikasturte berri bat abiatu da Arantzazuko Artzain Eskolan, Gomiztegin. Amaia Barredo Lakuako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren bisita izan zuten asteazken honetan, hemendik aurrera Eusko Jaurlaritza Gomiztegiko bazkide estrategiko izango baita, Hazi Fundazioak artzain eskolaren titulartasuna bere gain hartu ostean. Lehen sektore osoak bezala, artzaintzan ere dituzte arazo estrukturalen aurrean jardutea egokituko zaiela azaldu du Naiz Irratian Haziko teknikari Amaia Garrastazuk, «erronka handiak sektorean dira belaunaldi erreleboa eta langile kualifikatuak lortzea». Garrastazuk dionez, egiturazko behar horiek identifikatuta, Gomiztegi «nola dinamizatu eta nola lagundu» zehaztu ahalko dute, «adibidez, ari gara aztertzen ustiategien eskulan beharra, zer profil behar duten eta horrela gu ere profil hori egokitu pixka bat».
Edozein kasutan Garrastazuk argi utzi du, beraiek ez datozela ezer aldatzera ezta inposatzera, baizik eta, ongi egin denari «jarraipena» eman eta ahal den alorretan «bultzada» sustatzera. Azpiegiturak erabat berritzea, zentroa teknologikoki eta energetikoki modernizatzea eta aldizkako inbertsioetarako plan bat barnebiltzen ditu Hazik Gomiztegiko arduradunekin adostutako kudeaketa plan berriak. Datorren urteari begira ere, 704.000 euroko inbertsioak aurreikusten dira.
Azterketa fasearekin amaituta, badira jada gauzatu diren aldaketa eta inbertsioak. 1997tik ukitu gabe zegoen Baserriko teilatua, konpondu dute. Dena ondo bidean, datozen ikasturteetan konpontze eta berritze lanek aurrera egingo dute beste alor batzuetan ere.