IRRATIA

«Bertako gutxieneko soldata erabat errotutako aldarria da»

EAEko gutxieneko soldata adosteko kontzilliazio bilera izango dute sindikatuek. Patronala agertuko ez balitz epaitegira joko dutela adierazi du ELAko Pello Igeregik NAIZ Irratian. Jaurlaritzako alderdien jarrera argituko dela espero du langileen mesedetan.

Pello Igeregi, ELA sindikatua (Aritz Loiola | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Patronala legez behartuta dago negoziatzera.

Langileen estatutua orain bi urte aldatu zenean, hemengo hitzarmen kolektiboek lehentasuna izan dezaten Estatuko hitzarmenekiko, horrek ekarri zuen bi aldeek, bai sindikatuok eta bai patronalak hemen negoziatzera behartuta daudela. Hitzarmen kolektiboekin lotuta dago, baina baita ere lanbidearteko akordioekin. Patronalak, kasu honetan Confebaskek, uko egin dio langileen Estatutuak ezarritako derrigortasun horri. Oso patronal espainola dugu langileen prekarizazioa nahi duena.

Orain arteko negoziaketetan patronalak uko egin dio parte hartzeari. Lan Harremanen Kontseiluan egin den eskaerarekin zer gertatzen da?

Hirugarren saiakera izango da patronalarekin esertzeko. Lehen saiakera batean uko egin zion zuzenean negoziatzeari. Bigarrenean ELAk eta LABek 1500 euroko proposamen erabat posibilista egin genuen eta ez ziren etorri. Eta oraingo honetan kontziliazio saiakera bat egingo du hemendik bizpahiru asteetara. Eta kontziliazio horretara etortzen ez bada epaitegietara jo beharko dugu.

Epaileek erabakitzen badute Confebaskek ezinbestean negoziatu behar duela eta eskaintza bere horretan geratzekoa bada?

Hori da gure egunerokoa, negoziazio kolektiboan hitzarmenak negoziatzen ditugunean. Guk 140.000 sinaduratik gora jaso ditugu argi erakusteko hemen herri borondate bat badagoela gutxieneko soldata bat egon egon dadin. Espainiako gutxienekoarekin Euskal Herrian ez dago modu duinean bizitzerik. Eta Confebaskeko horrelako proposamen bat egingo baligu, mobilizazioen bidea hartuko dugu.

Jaurlaritzak esan du ezin dezakeela negoziatu eta soluzioa ezin daitekeela ere judiziala izan.

Jaurlaritzak ez du inoiz huts egiten. Baina orain arte behin eta berriro esan du lanbidearteko akordioa beharrezkoa dela. Bada, lanbidearteko akordio bat negoziatzeko urrats bat eman, eman dugu eta uko egin dio horretan laguntzari. Enplegu Sailak ere uko egin dio orain arte guk aurkeztutako herri ekimen legegilea aurrera eramateari. Gutxieneko soldatari buruzko aldarrikapena mahai gaineratzen du, badakielako herri honetan erabat hedatua dagoen aldarrikapen bat dela, baina ondoren Confebaski aurre egin behar dionean ez du inongo urrats praktikorik ematen. Bada, guk aukera hori eman diogu eta espero dezagun hemendik bizpahiru astetara izandako kontziliazio saiakera horretara etorri eta lagundu diezagula benetan patronalari aurre egiten.

Herri Ekimen Legegilea aurkeztu duzue, beldur zarete ez ote duen pentsiodunen bidea hartuko?

Iruditzen zaigu Herri Ekimen Legia teknikoki erasoezina dela. Eusko Jaurlaritzak ez du aitzakiarik teknikoki esateko ezin dela eztabaidatu. Eusko Legebiltzarrak berak aztertu zuen juridikoki eta oniritzi guztia du. Gure aurreikuspena da hau tramitera pasatuko dela. Eta espero dezagun eztabaida baten ondoren ekimena Madrilera iristea eta Langileen Estatutua aldatzeko proposamen erreal bat egotea. Eta halakorik egongo ez balitz, Confebaski aurre egingo diogun bezala Eusko Jaurlaritzari ere aurre egin beharko genioke mobilizazioen bitartez.

EAJ eta PSE-EEk zein jarrera dute?

Ikuspuntu ezberdinak dauzkate. EAJk ez digu argi esaten izango den euren jarrera, baina iruditzen zaigu ez duela ezezkorik emango. PSEren bestelakoa da. Ez dute Espainiako gutxieneko soldata aldatu aldatu nahi. Baina, era berean esaten digute hemen lanbide arteko akordio bat sinatu behar dugula. Bere jarrera argitu beharko dute.