Herri ikuskizun ibiltaria Txiki eta Otaegiren fusilamenduak «memoriara ekartzeko»
Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50.urteurrenean, Zarautzeko hainbat kultur erakigilek eskainiko dute herri ikuskizun ibiltaria irailaren 28an, igandearekin. Josu Txapartegi, Txapas, antolatzaileetako bat da, eta NAIZ irratian memoria ariketa herrikoiaren xehetasunak eskaini ditu.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Igande berezia izango dute Zarautzen. Izan ere, Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren biharamunean herriko hainbat kultur eragilek ikuskizun ibiltaria antolatu dute, «hurrengo belaunaldiei zer gertatu zen kontatzeko». Josu Txapartegiren, Txapasen, hitzak dira, zeinak NAIZ irratian ekitaldiaren nondik norakoak azaldu dituen.
Iganderako «dena prest» dagoela adierazi du Txapartegik, «detailetxoren baten faltan». Herri ikuskizunak Txiki eta Otaegiren fusilamenduak «memoriara ekartzea» du helburu; Txapartegik zehaztu duenez, hurrengo belaunaldiek jakin dezaten «gure herrian zer gertatu zen». Txikiren memoria «gorde» ez ezik, bere eredua jarraitu nahi dutela ere adierazi du zarauztarrak.
Herriko dozenaka lagunek parte hartuko dute ikuskizunean; besteak beste, Andoni Egañak eta Uxue Alkortak bertsoak botako dituzte edo Jon Benitok poema bat irakurriko du. Parte hartze handi hori «herriaren konpromisoaren adierazle» dela nabarmendu du Txapartegik.
Bestalde, Zarautzeko Udala ez da memoria ariketa herrikoiaren parte izango. Izan ere, udalak Txiki eta Otaegiren omenez jarritako olana kendu zuen, eta, halaber, '1975. Dena jokoan zegoen urtea' erakusketa jartzeko areto publikoak erabiltzeko eskubidea ukatu die Iratzar Fundazioari eta Olaso Dorrea Fundazioari. Txapartegik, honen harira, «bakoitzak bere bidea eta denbora» eramaten duela azaldu du, «batzuk oraindik ere non kokatu jakin gabe» dabiltzatela nabarmenduz. Dena den, «hemendik 10 urtera Espainian gauzak okertzen ez badira» aurrerapausoak emango direla sinetsita dago.
Txikiren etxetik Zarautzeko kaleak hartuko dituzte
Eguerdiko 12tan, Azken Portun hasiko da ikuskizuna, Txikiren etxean hain zuzen ere, Egaña kalean. Bertan Andoni Egañak bertsoak botako ditu, «14 urterekin lanean hasi zeneko garaia irudikatuz».
Hortik Plaza Gorrira, non «langile asanblea bat» irudikatuko duten. Txikiren mendizaletasuna ere antzeztuko dute, Zumaiako taldean sartu zeneko garaia ekarriz.
Frontoi Txikian Burgosko epaiketa antzeztuko dute, zeinaren ondoren «Txikik ETAn sartzeko erabakia hartu zuen». Kale Nagusia hartu eta Kuartel Zaharra izango dute hurrengo geltokia, eta bertan Eusko Gudariak kantatuko dute.
Berriz Kale Nagusian sartu eta 1975 urtean Zarautzen egin ziren manifestazioak gogoratuko dituzte Musika Plazara heldu aurretik. Azkenik, «esperantzazko etorkizun» bat irudikatuko dute: «Herri hau aurrera doa, eta azken 50 urte hauek ez dira alferrekoak izan».