IRRATIA

«Aldarrikapen soziala eta nazionala daude Txiki eta Otaegin»

Txiki eta Otaegiren fusilaketen datuak eta garai hartako testuingurua aztertu du Javi Buces historialariak liburu berrian. 'Askatasun haizea. Txiki eta Otaegi, frankismoaren azken fusilatuak' lanaren aurkezpena egiten ari da. 

Javi Buces historialaria (Gorka Rubio | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


'Askatasun haizea. Txiki eta Otaegi, frankismoaren azken fusilatuak' izeneko liburua kaleratu du Txalapartarekin Javi Buces historialariak. Frankismo garaiko krimena izanik, «gaur egungo betaurrekoekin» ezin dela epaitu iragana uste du. «Oraingo interes politikoarekin bideak estutzen dira, terrorismoa eta horrelako terminoekin eztabaida ekidin nahi da», dio eta «analisi kritikoa ekidin». 

«Historialariok datuak aztertu eta testuinguruan jartzea dagokigu», esan du. «Bakoitzak atera ditzala ondorioak elementu guztiak edukita». Euskal errebisionismoa frankismoaren azken hamarkadetan kokatzen da, antifrankismo independentista deslegitimatzeko asmotan. Azken fusilatuak izan ziren eta pisu handia du horrek: «errebisionismoak ez zirela antifrankistak, terroristak eta abar esaten dute; gertatu zena zuritzeko. Historialari gisa horrek ez du zentzurik. Diktadura bat dago eta horren kontrako mugimendu eta baliabide ezberdinak daude, epaitu ordez aztertu egiten da». 

Urte oso garrantzitsuak izan ziren, «frankismoa ez zen Frankorekin amaitu». Gizarte mobilizatua zegoen Euskal Herrian. Aldarrikapen soziala nazionalarekin elkartu zen eta ikaragarrizko indarra hartu zuen. «Bi arima horiek daude Txiki eta Otaegin, euren lanean aldarri sozialak bultzatzen zituzten eta euskal nortasuna berreskuratzeko borroka uztartzen zen», gehitu du. 

Gaur gaurkoz asko dago ezkutuan, informazioa sailkaturik baitago. «Beldurra dute hori ikusi eta bizirik dauden biktimarioen kontra joko ote den», aipatu du.