«‘Sold out’ auziaren eraginetako bat da hil egiten duela musika egiteko gogoa»
Kerobiarekin egindako bidea eta bakarka egindako ditu aurkezpen karta Xabi Bandinik, ideia argiz aritu da Otea Lilin.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Xabi Bandini kantariak (Iruñea, 1983) Ingeniaritza mekanikoa ikasi zuen NUPen, gero hidrologia Madrilen eta orain Teledetekzio eta Lurreko Informazio Sistemak ikasten ari da. I+D+i ingeniaria da. Anaia bikia du. Kerobia taldearekin 9 disko, bakarka beste 2, eta beste bat Antiontinente proiektuan. Arkeologia, historia, astronomia eta astrobiologia ditu gustuko.
Otea Lili saioan esan digu marxista dela, Xabi Bandiniren erara. Argi hitz egin du eta bere teoriak ongi jorratzen ditu. Hizlari zintzoa, ekarpenen aldekoa eta pentsamenduaren haria beti borborka. Maitasuna eta esperantzaren tontorretik begiratzen dio bizitzari.
Xabi Bandinik hainbat gairi buruz hitz egin du Otea Lili saioan: kultura, musikaren industria, sold out, mitologia, tradizioa, politika, esperantza, maitasuna, pandemia eta abar. Hemen lagin batzuk:
«Euskal mitologiaren gehiena, besteak bezala, asmakizuna da, eta guztiak berrogeialdian jarriko nituzke»
«Musikaren industriak edo negozioak jan du euskal kulturgintzaren esparrua ia-ia goitik behera. Musikaren kulturan garrantzia daukan ia gauza bakarra da ahalik eta ekitaldi erraldoienak egitea, musikaz hitz egin gabe». «Gaurko demokraziaren jostura guztiak puskatuta daude. Demokrazia parte hartzailea, kudeaketa kolaboratiboa eta kolektiboak esaten duenaren alde nago. Eliteek eta burgesiak zanpatuta gauzkate etxebizitzarekin eta abarrekin».
«Bizitzak bi motor nagusi ditu: maitasuna eta esperantza». «Pandemia garaian egin ziren hausnarketa guztiak tontakeria hutsa izan ziren, eta handik ez ginen hobeto atera».