IRRATIA

«Autogobernuaren inguruko eztabaida mahai gainean dago berriz»

Politika orokorreko eztabaidak abiapuntua jarri dio gaur, irailaren 18an, legegintzaldi berriari Eusko Legebiltzarrean. Gasteizko ganberan izandako saioan, presidente Bakartxo Tejeriak azpimarratu du autogobernuaren eta estatus politiko berriaren inguruko eztabaida berriro mahai gainean dagoela.

Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria. (NAIZ)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko lehendakariaren esanetan, «legealdi berria indartsu hasi da» eta «estatusaren gaia berriz presente dago alderdien agendetan». Azaldu duenez, «aurreko legealdian ez zen ezer mugitu gai honen inguruan», baina oraingo honetan, «printzipio batzuk adostuta daude, adituen testuak hor daude» eta horrek «bide bat zabaltzen du berriro eztabaidarako».

Hala ere, ohartarazi du aurrerapen posible guztiak alderdien borondate politikoaren araberakoak izango direla: «Azken finean, alderdien esku dago gai hau noraino eraman nahi duten».

Parte-hartzea eta desafezio politikoa
Legebiltzarreko presidenteak herritarren parte-hartzeaz ere hitz egin du, eta egungo testuinguru politikoan sumatzen den desafezioa aipatu du. Tejeriaren iritziz, autokritika egitea beharrezkoa da, baina horrek ez du aski: «Ez dugu asmatzen parte-hartzea sustatzen. Egia da jende asko etortzen dela Legebiltzarrera, baina herria askoz handiagoa da, eta jende askok ez du instituzioekin identifikazio sentimendurik».

Bere esanetan, erronka nagusietako bat da herritarren eta erakundeen arteko zubiak sendotzea, eta horretarako, parte-hartze mekanismo berriak behar dira: «Oraindik ez dugu asmatu. Teklarik ez dugu jo».

Pentsiodunen lege proposamena, eztabaidaren muinean
Pentsiodunen mugimenduak aurkeztutako herri-ekimen legegileak ere izan du protagonismoa elkarrizketan. Irailaren 25ean eztabaidatuko den proposamenaren harira, Tejeriaren iritziz, «legeak berak ematen duen prozedura jarraitu da», baina aitortu du herritarren ikuspuntutik frustrazioa sor dezakeela: «145.000 sinadura asko dira, baina Legebiltzarrean dauden ordezkarien botoak ere kontuan hartu behar dira».

Argi utzi du, hala ere, «behin testua Legebiltzarrera iristen denean, jada ez dela ekimen herritar bat, baizik eta Legebiltzarrarena bihurtzen dela», eta hortik aurrera, bozkak erabakiko duela proposamenaren etorkizuna.

«Guztion presidentea izan nahi dut»
Bere legatu politikoaz galdetuta, Bakartxo Tejeriak argi utzi du zein den bere nahia: «Gustatuko litzaidake esatea Legebiltzarreko presidentea izan naizela, guztion presidentea».

Gaineratu duenez, «ez da posible mahai gainean ditugun arazo guztiak konpontzea», baina helburua da akordioetan oinarritutako legegintzaldi bat izatea: «Akordioak behar direlako, baina baita sinesten dugulako ere akordioetan denok eroso gaudela».