Oriori «kendutako» 1939ko bandera
1939an, Donostian, Francoren garaipena ospatzeko estropadak egin ziren. Hiru traineruk hartu zuten parte: Getariak, Oriok eta Donostiak, eta Orio izan zen garaile. Donostia Kulturak, ordea, bandera hau baliogabetzea erabaki zuen; oriotarren haserrea eraginez.
Duela bederatzi urte, 2016an, urak harrotu ziren Orion. Eztabaida hainbat urtetan alde batera utzia izan ondoren, ezustean harrapatu zituen erabaki batek bertakoak: Donostiako Festak Erakundeak palmares ofizialetik baliogabetu egin zuen Oriok 1939an, Francoren garaipena ospatzeko estropadetan, lortutako garaipena, ordura arte Kontxako banderatzat hartu izan zena liburu eta palmaresetan. 77 urteren ostean, 31 bandera izatetik 30 izatera pasa zen Orioko trainerua. Erabakiak berak eta moduak haserretu zituen oriotarrak, eurekin hitz egin gabe hartu zela erabakia salatu zuten. Gerora, Donostiako Udalak atzera egin eta Oriori 39ko bandera hori mantentzea erabaki zuen.
"Trapu Zaharra(k)" izeneko dokumental honetan, bi aldeetako testigantzak jasotzen dira. 2016an bertan Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batek jaso zituen alde bateko eta besteko testigantzak, auzia mahai gainean jarri asmoz, eta norberak bere iritzia eraikitzea xede. Ikus-entzunezko honetan, Orioko herritarrei eta Donostiako Festak Elkarteko ordezkariei ematen zaie hitza, eta bien arteko zeharkako eztabaida honetan iritzi kontrajarriak antzeman daitezke. Iratz Urkizu, Ibai Zabala, Imanol Epherre, Malen Iruretagoiena eta Ion Garate dira ikus-entzunezko honen egileak.