IRRATIA

Zuzenekoen munstroa: Tiny Desk efektua

Denboraldiko bigarren atal honetan, hemen oso gustoko dugun alor bati egingo diogu lekua Ad Libitumen: zuzeneko musikari, alegia. Izan ere, artisten alderik bat-batekoen eta intimoena erakusten ospetsu egin den Tiny Desk formatua izango dugu aztergai.

Bob Boilen NPRko Tiny Desk-a (Selena N.B.H. | Wikimedia)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Ez da, gaur egun, NPR estudioetako Tiny Desk saiotik igaro ez den mundu mailako artista ezagunik. Den-denek dute programa hau euren disko berrien promoziorako geltoki garrantzitsuenen artean, eta horretarako arrazoiak ez dira gutxi: bulego txiki horretan eskaintzen diren kontzertu motzei esker, artista askok jo dute euren arrakastaren goia (galdetu, bestela, Catriel y Paco Amoroso bikote argentinarrari).

Baina ez pentsa, Tiny Deska ez baita beti abeslari ospetsuenen jopuntu izan. Washington DC-n kokatuta dagoen NPR irrati estudioetan grabatzen den saio honek 2008an du sorrera eta, berez, euren sortzaileen helburua artista independente eta ezezagunei bozgorailua jartzea izan zen. Bulegorako materialez eta liburuz jositako apalak, eta idazmahai bat: hori da Tiny Desk-eko bideo guztietan topa dezakegun dekorazio bakarra. Bi elementu horiek zedarritzen duten espazio txikian, musikariak eta mikrofono gutxi batzuk, lauzpabost abesti jotzen. Hogei minutu inguruko bideo sinpleak dira, azken finean, Tiny Desken proposamena. Eta, noski, zuzenekoaren magia.

Gaurkoan, formatuaren ibilbidea ezagutu eta hasieratik gaur egun bitarte igaro diren zenbait artisten zuzeneko gogoangarriez gozatuko dugu Ad libitumen.