«Asko daukagu irabazteko euskarari esker eta hor jarri nahi izan dugu fokua»
Ikasturte hasierarekin batera, Euskarabideak ‘Euskara ahora’ kanpaina abiatu du euskararen ikakuntza sustatzeko asmoarekin. %20 haziko dira diru-laguntzak. NAIZ Irratian izan da Jabi Arakama, Euskarabideako zuzendaria.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Urtero egiten den kanpaina da ‘Euskera ahora’. Nafar herritarrak euskara ikastera animatzea du xede eta aurtengoa zenbait hobekuntzekin dator. Xabi Arakamak, Euskarabideako zuzendariak, azaldu du azken urteetan hobekuntzak arlo ekonomikotik etorri direla eta aurtengoa ere ildo berdinetik datorrela: A1eko ikasleek dohan, edo ia dohan, izango dute matrikula.
Honen xehetasunak ere eman ditu: «Nafarroan diru laguntzen legea daukagu oinarri eta ikasleek halabeharrez aurreratu behar dute matrikularen dirua. Gero bueltatu egingo zaie, izena ematen duten ikasle kopuruaren arabera, osoa edo zati bat». Hala ere, zehaztu du aurreikuspena «A1eko ikasleei matrikularen %100a» itzulia ahal izatea dela eta gainontzeko ikasleei «475 euro inguru». Hori bai, ikasleek %80ko asistentzia bematu beharko dute.
Bizipenak xede
‘Euskara ahora’ kanpainak bizipenak hartu ditu oinarri: familia egoerak, lan arloa, egoera sozialak… Eguneroko kontuak. Arakamak dio euskara ez ikasita ‘hau galdu dezakezu’ baino, euskara ikasita ‘hau irabazi dezakezu’ nahi izan dutela erakutsi. «Asko daukagu irabazteko euskarari esker eta hor jarri nahi izan dugu fokua».
D eredua eta zonifikazioa
Gaurkotasuneko gaia da, esaterako, Corellan gertatu dena. 11 familiek hala eskatu arren ezin izan dute D ereduko klasea zabaldu. Honen inguruko iritzi argia erakutsi du Jabi Arakamak: «Uste dut Nafarroako Gobernuan gauden departamendu eta zuzendaritza guztien betebeharra dela euskararen sustapenean erraztasunak ematea».
Zonifikazioaren gaia ere hor dago, euskararen ‘harri kozkorra’. Arakamak azaldu du bere garaian hitz egin zela gai honen inguruan, baina «zonifikazioa gainditzeko parlamentuan gehiengoa» egon behar duela eta une honetan UPNk eta PSNk dutela gehiengoa. «Bere momentuan, gobernua osatu zenean, alderdi batzuek egin genuen aldarrikapena izan zen zonifikazioarena eta PSNk ezarri zuen marra gorrietako bat izan zen, argi utzi zigun hortik ez zela pasako».