IRRATIA

«Antzerkia krisi permanente batean dago; baina denetarik dago»

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Oso txikitatik sortu zitzaion antzerkian aritzeko gogoa Xabier Agirre Lopetegiri, eskolan ezagutu zuen eta oso gustura aritzen zen bertan. «Amarengandik datorkit saltsa» dio aktoreak, baina amari aktore izan nahi zuela esan zion, eta gogoan du amaren erantzuna: “Ondo, eta nondik biziko zara?”. Hori izan da guraso askoren galdera desira hori entzutean, baina Xabierren kasuan afizioa ofizio bilatu da.

1996ean Txalo sortu zuten. «Erabaki genuen zerbait potentea behar genuela, eta apenas zegoen euskal antzerki testurik, beraz, Londresera joan ginen hainbat emanaldi ikustera». Ez zuten gustukorik topatu, egun euritsu batean ‘The Mousetrap’ ikusi zuten arte. «Ez nuen ingelesa ulertzen baina sentsazioak jaso nituen, ikusten nuen nola jendeak gozatu zuen». Lan horrek arazo bakarra zuen: zortzi aktorekoa zela, baina Euskal Herrira itzuli zirenean, egile-eskubideengatik galdetu eta martxan jarri ziren. «Ate guztiak ireki zizkigun, loteria irabaztea bezala izan zen». Ramon Bareak zuzendu eta Ane Gabarain, Ramon Aguirre edo Xabik berak antzeztua, besteak beste. «Garai hartan Agatha Christiek irakurle asko zituen, eta hori erakargarria zen; baina gaur egun, izenburuak baino, aktoreen izenak du garrantzia». Txalon apustu hori egin izan dute.

«Antzerkia krisi permanente batean dago; baina denetarik dago, antzezlan guztiek ez dute berdin funtzionatzen» kontatu digu aktoreak. Baina lanean jarraitzeko asmotan dago konpainia. «Eskuartean ditugu helduentzako antzezlan gehiago» esan digu.

Luze eta zabal aritu gara Xabier Agirrerekin Bigarren Kafean.