IRRATIA

Garikoitz Mujika, Bernat Etxepare Lizeoko zuzendaria: «Iritsi da belaunaldi berrien hazkundea»

Seaskako ikasleek hasi dute ikasturtea. Erronka asko dituzte eta haietako bat 2000 urtetik hona izan den hazkunde piramidalari erantzutea da. Bernart Etxeparen 530 ikasle dituzte jadanik, Garikoitz Mujika zuzendariaren arabera, eta horrek erronka asko ematen dizkio Seaskari.

Garikoitz Mujika, Bernart Etxepare lizeoko zuzendaria (GUILLAUME FAUVEAU )

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Irailaren 1ean ekin zioten Lapurdiko, Behe Nafarroako eta Zuberoako ikasleek ikasturte berriari. Seaskaren kasuan, erronka handiei aurre egiteko urteak izango direla adierazi du Garikoitz Mujika Bernart Etxepare Baionako Lizeoko zuzendariak NAIZ Irratian: «Seaskak garapen handia izan du, batez ere 2000tik hona. Piramidala izan da, lehen mailetan izan zen jauzia eta belaunaldi haietan Kolegioan hazkundea izan zen. Senpereko Kattalin Elizalde kolegioa zabaldu zen. Orain Lizeora iritsi da emendatzea. Duela bost urte maila bakoitzean lau lerro ziren eta orain sei-zazpi dira, kalkulatzen da zortzi izango direla aurki».

Hazkunde horri erantzuten dio Donapaulen eraikiko dutenak. Lizeo orokorra eraikiko dute eta Baionakoa Lanbide Heziketara bideratuko dute, gehienbat. Bost baxo profesional eraikiko dituzte eta etorkizunean lizeo ondorengo goi mailako zikloak eskaintzen joateko asmoa dute.

Bernart Etxeparen barrakoiak dituzte, eta ez dute nahikoa azpiegiturarik. Ordea, Elkargoak lurra eskeini eta bertan egingo dute Lanbide Heziketako azpiegitura.

Ikasleentzat lizeorako jauzia

Ikasleentzat bizitzako lehen aldaketa handia da Baionako Bernart Etxepare lizeora joatea. Etxetik ateratzen dira, eurak baitira Ipar Euskal Herri osoan euskarazko eskaintza duten bakarrak. Hala, lapurtarrak, baxe nafarrak eta zuberotarrak doaz bertara eta, azken hauek bereziki, barnetegian bizi dira. 126 gazte daude aste osoa Baionan pasatzen dutenak.

Mujikaren esanetan, lizeoak heldutasuna ekartzen die, kolegioko nerabezarotik, nerabezaro helduagora, alegia. Unibertsitatearen antza gehiago du eta hori jauzi handia da ikasleentzat.

Aipatutako erronkez gain, oinarrizko borroka kulturala eta hizkuntzaren aldekoa da. Estatu jakobinoaren aurrean, euskararen ofizialtasunik gabe, etengabeko mehatxu eta erronka artean bizi baita Seaska.