«Plaza bat eskaini nahi diogu euskaraz aritzen den horri»
Bira Kulturguneak ezingo dio azken urteetako egiteko erari eutsi, finantziazio faltagatik. Eraldatu egingo da ezagutzen dugun espazioa. «Behar bat ikusi genuen eta behar hori ikusten jarraitzen dugu; beraz, jarraitu egingo dugu, beste molde batean, kulturari eta euskarari espazio bat eskaintzeko».
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Bilboko Bira Kulturguneak albiste txarra eman berri digu. Espazioaren sare sozialetan kontatu dutenaren arabera, kultura-programazioari dagokionez, ezingo diote azken urteetako funtzionamenduari eutsi, diru-laguntzen murrizketen ondorioz.
Beraz, Bira orain den moduan desagertu egingo da. Eta horrekin desagertuko da inoiz azpimarratu dugun Bilboko hirian euskal kulturak duen arnasgune bat. Euskal musika eta kulturaren ateneo txiki deitu genion behin saio honetan, bain are txikiago egingo zaigu. Bira izaten jarraitu, baina ezagutu dugun azken urteotako Biratik urrun. «Guk bagenekien ezingo geniola azken urteetako funtzionamendu hibridoari jarraitu; neurri batean onartu eta orain komunikatu dugu» aitortu digu Lutxo Egia kideak.
Bizkaiko Foru Aldundiarekin zuten hitzarmenak ez du jarraituko, eta Eusko Jaurlaritzak ere ez du proiektua diruz lagunduko. «Kalkulatu dugu bederatzi urtetan 300.000 euro jarri ditugula gure poltsikotatik kultura egiteko» dio Egiak.
Hala ere, Birak ez ditu ateak itxiko. «Behar bat ikusi genuen eta behar hori ikusten jarraitzen dugu; beraz, jarraitu egingo dugu, beste molde batean, kulturari eta euskarari espazio bat eskaintzeko». Eta horrela izan dadila. «Eszenatoki txikia du, muga akustikoak dauzkagu, baina asmatu dugu espazio hori egokitzen kultura egiteko, musika, bertsoak edo literatura hartzeko».