IRRATIA
Elkarrizketa
Bittor Gonzalez
LABeko kidea

«Soldata baxuak dituzte; lana dute, baina pobreak dira»

Enviser enpresak azpikontrataturik aritzen dira Gasteizko lorezainak. Euren lan baldintzak, eta batez ere soldataren igoera eskatuz ia 100 egun egingo dituzte greban. Udalaren «inplikazioa» eskatu du LABeko Bittor Gonzalezek, eta San Joan suan izandako polemika «zerbait sinbolikora» mugatu du.

Gasteizko lorezainen mobilizazioa udaletxe parean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Asko ari da luzatzen Gasteizko lorezainen lan gatazka. Enviser enpresak kudeatzen du zerbitzua, udalak azpikontrataturik. Hala, Bittor Gonzalez LABeko zerbitzu pribatuetako ordezkariak salatu du ohikoa den egoera sortu dela: «askotan esleipen hauek enkante bat izaten bukatzen dute. Merkeenak lortzen du kontratua eta hori azpikontratazio sistemaren ondorioa da. Azken muturrean langileek pairatzen dituzte ondorioak».

Asteazken honetan elkartuko dira aldeak Lan Harremanen Kontseiluaren bitartekaritzarekin. Orain arte ez du fruiturik eman. Berezitasun bat, ordea, izango du bilerak, udaleko ordezkariei gonbidapena egin diete bertan izateko. Uste dute Udalak zer esan handia duela lan gatazka konpontzeko bidean.

Aldarrikapenei dagokionez, soldatan ari dira zentratzen, oso baxuak dituztelako. Gutxieneko lanbide arteko soldata justu-justuan gainditzen dute. Beste eskarietako batzuk lanaldiaren murrizketa, gaixotasun osagarriak edo baimenak dira.

Artolazabalen ika mika «ekintza sinbolikoa»

Judimendi auzoan San Joan suaren hasieran pertsona ezezagun batzuek Beatriz Artolazabal zinegotziaren izena zeraman panpin bat jarri zuten. Horren ondoren zalaparta handia eta akusazioak etorri dira Artolazabal eta Udalaren partetik.

Bittor Gonzalezek esan du ez zuela komiteak antolatu eta jaiaren testuinguruan ulertu behar dela. «Zalaparta sortu da eta guk San Joan jaien inguruko ekintza sinboliko batera mugatzen dugu», esan du.