IRRATIA

Kafe Nobela: HABANA 1937 | 1x01

1937ko maiatzaren 21ean, Habana ontzia Santurtziko portutik atera zen, gerratik ihesi zihoazen 3.840 euskal haurrekin, Erresuma Batura bidean. Baina nolakoak izan ziren aurreko egunak? Nola antolatu zuten dena? Benetako gertakarietan oinarritutako fikzio sonoroa sortu dugu guztia kontatzeko. 

Habana 1937 podcasta egin dugu (Bigarren Kafea)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


2020 urtean, Wilfrid Robertsen ondorengoek artxibo zabal bat utzi zuten Ingalaterrako Carlisle Archive Centre artxibategian. Fitxategi horietako bat Wilfrid Roberts eta Leah Manningen arteko korrespondentzia da. Leah Manning Alderdi Laboristako aktibista nabarmena izan zen, 1937ko apirilaren 24an Bilbora iritsi zena Espainiako Sorospen Batzorde Bateratu Nazionaleko (NJCSR) agente gisa, Eusko Alderdi Jeltzaleak gonbidatuta. Izan ere, 1937ko martxoan Elorrio eta Durangon frankistek egindako bonbardaketen ondorioz, Euskal Gobernuak, gobernu zentral errepublikarrarekin batera, euskal haurrak leku seguruetara eraman nahi zituen. Agertu berri diren gutunek Manningek Robertsekin (North Cumberlandeko diputatu liberala eta ebakuazioaren beste antolatzaileetako bat) izandako elkarrizketak erakusten ditu, batzuetan tentsioz beteak. Erresuma Batuko Basque Children of 37' elkartea arduratu zen telegrama horiek digitalizatzeaz.
Telegrama horietan oinarrituta, Bigarren Kafeak 'Kafe Nobelak: Habana' podcast-a prestatu du, benetako gertakarietan oinarritutako fikzio sonoroa. Goiuri Eceizaren zuzendaritzapean, hainbat ahotsek 1937ko udaberrira eramango gaituzte: Jokin Aldazabal, Xabi Ormazabal, Kontxita Beitia, Xabi Tolosa, Oihana Maritorena, Iker Gurrutxaga, Iñigo Asensio, Julen Goikoetxea...