IRRATIA
Elkarrizketa
Amaiur Egurrola
Ernaiko bozeramailea

«Krisiak aukera dira aldaketarako eta askatasunak lortzeko»

Ernaik ‘Ekin eta bultza askatasunera’ izeneko udako kanpaina jarri du martxan. Gazteria eta kalea aktibatzen jarraituz Euskal Herri aske, sozialista eta feminista lortzeko bultzatzen jarraitzea da ekimenaren helburua Amaiur Egurrolaren esanetan.

Amaiur Egurrola, Ernaiko bozeramalea NAIZ Irratian. (Naiz Irratia)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


‘Ekin eta bultza askatasunera’ dinamika abian du Ernaik eta udan kalean giro handiagoa egoten denez, testuinguru hori baliatu eta gazteria aktibatzen jarraitzea du helburu. Amaiur Egurrola bozeramailearen esanetan, irailean mobilizazio nazionala Donostian egingo dute eta bitartean herrietan komunitatearekin, bertako gazteekin egon eta elkarguneak sortzen jarraituko dute. Independentzia egunak ospatu dituzte esaterako azken hilabeteetan eta udan ere antzeko dinamika eta elkarguneak izango dira.

Gazte belaunaldiaren testuinguruari ere erreparatu dio Egurrolak: «Sspektatiba krisi bat bizi du eta ezegonkortasuna eta prekaritatea dira nagusi, ez dakigu bihar nola egongo garen. Bakoitzak bere arazoak ditu eta Ernaitik badugu egitekoa ortzimuga berriak marraztu eta heldulekuak irudikatzeko. Hori da egungo gizartea eta prekaritate egoera horrek ezaugarri bat badu: garai likidoa eta ezegonkortasuna. Komunitate txikiak sortu eta aurrera egiteko bertutea du gazte antolakundeak eta horri helduko diogu».

Txiki eta Otaegi, nazio biziberritzearen aldeko gazteak

50 urte beteko dira irailaren 27an Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik. «Erregimen frankistak hil zituen bi gazte independentista» zirela esan du Egurrolak, Euskal Herriaren izatea zalantzan zen momentuan «nazio biziberritze baten alde borrokatu zuten gazte independentistak». Gazte belaunaldi horren jarraipen gisa ulertzen du egungoa, nahiz eta testuingurua erabat aldatu.

Egungo belaunaldiak ez du bizi gatazkaren gordintasuna, baina bai ondorioak. Testuinguru orokorra ere aldatu dela iritzi dio eta orain «nazio biziberritze berri bat abiatu eta bultzatzea» dagokiela gazteei uste du: «Paralelismo hori egin dugu, belaunaldi bezala Txikik eta Otaegik zituzten eta guk ditugun erronkek antzekotasunak dituztelako. Dena den, ez dugu ikuspegi historizista batekin egin nahi; bultzada emateko gehiago, baizik».