«Jasotzen ditugun herritarren kezkek kontrakoa erakusten dute: osasuna ez da hobetzen ari»
Euskal Autonomia Erkidegoko Opa herri plataformak prozesu “opakua eta antidemokratikoa” salatu dute, eta osasun publikoaren aldeko proposamen sorta aurkeztu dute. NAIZ Irratian izan da Kontxi Rebollo, plataformako kidea, monilizazioaren zer-norakoak azaltzeko.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Euskal Autonomia Erkidegoko Opa herri plataformek kritikatu egin dute Eusko Jaurlaritzaren Osasun Ituna, prozesu osoan gardentasun eza eta parte-hartze falta nagusitu direla salatuz. Hala, itunaren edukiari ere hainbat muga ikusten dizkiote, eta herritarren beharrei erantzuten dien osasun publiko baten aldeko proposamen sorta plazaratu dute gaur. Aldi berean, mobilizazio sorta bat iragarri dute ekainaren 19aren bueltarako.
Donostiako Osasun Plataformako kidea den Kontxi Rebollo izan da ahotsa jarri dienetako bat. Bere esanetan, Osasun Ituna «ez da izan benetako akordio sozial bat», eta prozesu osoan zehar herri plataformak baztertuta egon dira: «Ez digute zuzenean ezer helarazi. Ituna gure gustukoa ez da, eta uste dugu denbora irabazteko eta jendea desmobilizatzeko balio izan duela. Guk jasotzen ditugun herritarren kezkek kontrakoa erakusten dute: osasuna ez da hobetzen ari».
Proposamenak: pribatizazioaren aurka eta zerbitzu publiko sendoago baten alde
Herritarrei eta sindikatuei zabaldutako dokumentuan hainbat neurri zehaztu dituzte. Nabarmenenen artean daude:
• Osasun publikoaren aurrekontua %25era igotzea
• Pribatizaziorik gabeko eredua sustatzea
• Lankidetza publiko-pribatua baztertzea
• Gutxienez 15 minutuko kontsulta denbora bermatzea
• Itxaron-zerrendak murriztea (gehienez 2 egun)
• Profesionalen ihesa saihesteko lan baldintza egokiak
• Sistemaren kudeaketa demokratikoa eta gardena
• Tolosaldean ospitale publiko bat sortzea
Era berean, arreta berezia eskatu dute sektore ahulenen osasun beharretan, eta osasuna ikuspegi zabaletik lantzea aldarrikatu dute. «Osasuna ez da soilik gaixotasunei erantzutea. Estresa, bizimoduak, soldata mailak… horiek guztiek eragina dute. Eta horri ez zaio kasurik egiten.»
Mediku gabezia eta zerbitzuaren kolapsoa
Plataformek salatu dute azken urteetan Lehen Arretan murrizketak eta ordutegi laburtzeak nagusitu direla. Horrek zuzenean eragiten du ospitaleetako larrialdi zerbitzuetan: «Lasarten, Errenterian, Donostian… arratsaldeetan mediku bakarra gelditzen da. Eta hori ez da nahikoa. Mediku bat jartzen dute mobilizazio baten ostean, baina beste leku batetik kentzen dute. Sistema ez da sendoa, eta eskubideak galtzen ari gara pixkanaka».
Euskararen erabilera, bermatu gabe
Amaitzeko, osasun arretan euskaraz artatua izateko eskubidea ere ez dela betetzen salatu dute. «Esaten digute bermatuta dagoela, baina eguneroko praktikan askotan ez da horrela. Euskaraz artatua izateko eskubidea errespetatu behar da».
Mobilizazioak ekainaren 19aren bueltan
Opa plataformek dei egin diete herritarrei ekainaren 19aren inguruan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera. Azken hilabeteetan Lasarte-Orian, Irunen eta Tolosan izandako mobilizazio jendetsuak aipatu dituzte adibide gisa. Plataformen ustez, herritarren babesa «funtsezkoa izango da» osasun sistema publiko eta duin baten alde borrokatzeko.