IRRATIA

Adi eta Ari | Graduatzaileak

 [2x29] Atal honetan graduatzaileak landuko ditugu: oso, nahiko zeharo...

Munduko Osasun Erakundeak Azaroaren 15a Alkoholik gabeko nazioarteko eguna izendatu zuen sustantzia honen arriskuez ohartarazteko.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


ANDER:
Kaixo, Nerea.

NEREA:
Epa, Ander. Zer egiten duzu sagardo botila batekin?

ANDER:
Egarrituta nago. Sagardoa hozkailuan sartuta neukan. Eta intxaur hauekin eta ogi puska honekin... hamaiketakoa egingo dugu elkarrekin. Zer iruditzen?

NEREA:
Goizetan ez dut sekula edaten.

ANDER:
Baina intxaur batzuekin sagardoa edateagatik ez zara alkoholikoa bihurtuko. Usurbilgo lagun batek egindako sagardoa da hau.

NEREA:
Ba al dakizu urtero ospatzen dela Alkoholik Gabeko Nazioarteko Eguna? Azaroaren 15ean izaten da.

ANDER:
Alkoholismoaren gaixotasunetik ateratzen laguntzeko mugimenduak Alkohol Zale Anonimoak izena du.

NEREA:
Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen XX. mendean, 1935ean. Munduan 180 herrialde baino gehiagotan zabalduta dago Alkohol Zale Anonimoak erakundea. Bi milioi pertsonak baino gehiagok bilkurak egiten ditu astero.

ANDER:
Euskal Herrian biltokirik ba al dago?

NEREA:
Bai, noski. Elkarretaratze ugari egiten dira.

ANDER:
Non egiten dira?

NEREA:
Nik dakidala, Nafarroan 16 talde badira, Bizkaian 20, Gipuzkoan 30 baino gehiago, Gasteizen 3. Eta uste dut badirela taldeak Kanbon eta Baionan ere.

 

JOXE ALKOHOL ZALEA

 

ANDER:
Joxe alkohol zaleak esan du: «Niretzat da gaixotasun bat izugarri txarra».

NEREA:
Hiru bider esan du: «Izugarri, izugarri, izugarri txarra».

ANDER:
Esan zezakeen era sinpleago batez: «Oso-oso txarra».

NEREA:
Baina berak gradu handia edo indar berezia eman nahi zion. Adierazi nahi zuelako: «Ikaragarri txarra» edo «Guztiz kaltegarria».

ANDER:
Izan ere, arazo benetan larriak dira alkoholismoa eta drogamenpekotasuna.

NEREA:
Beste maila batekoa agian, baina tabakismoa ere arazo bat bihurtu da mundu osoan.

ANDER:
Solasean ari garenean, askotan behar izaten ditugu hitz berezi batzuk esanahiari intentsitatea emateko, ezta?

NEREA:
Bai. Hitz horiei graduatzaileak deitzen zaie. Esate baterako: «Atzo ez nuen ia-ia ezer edan». Edo: «Gaur goizean zeharo makalduta esnatu naiz, ajearekin». Edo: «Biharko erabat osatuta egongo naiz».

ANDER:
Nahiko kaltegarria da alkohola, baina Euskal Herrian ohitura daukagu edariaren inguruan jaiak egiteko: Sagardo Eguna, Garagardo Eguna, Txakolin Eguna.

NEREA:
Ez da batere erraza alkoholik gabeko festa bat topatzea. Edan, kanta eta dantza... munduko toki askotan egiten da.

ANDER:
Ezagun askoa da euskal abesti batek kontatzen duen hau: “♫ Ardoa edanda, mozkortzen naiz ♫ pipa erreta, zoratzen naiz ♫ kortejatzean, lotsatzen naiz ♫ nola demontre biziko naiz?♫”.

NEREA:
Aitzakia hutsa! Kantatzeko edo gortea egiteko ez dago zertan ardoa edan.

ANDER:
Et, et,et... Orain ez didazu ukatuko larunbat gauean lau zerbeza edan zenituela!

 

ALKOHOL ZALEAK

 

ANDER:
Soziedadean lagunekin afaldu ondoren, gin-tonikak edateari utzi egin beharko diot? Guztiz beldurtuta utzi naute alkoholiko horiek.

NEREA:
Oso oker ez banago, garrantzitsuena da ura edateari ez uztea! Aizu, beharbada ez da galdera batere egokia izango, baina... alkoholikoek urik edaten al dute?

ANDER:
Ia egunero kafea hartzen dut etxe aurreko tabernan. Han jende dezente izaten da, eta ura edaten... inor ez.

NEREA:
Nahiko argi geratu da Euskal Herrian ez direla falta tabernak, soziedadeak, kafetegiak, pubak eta diskotekak.

ANDER: Orduan, Ane, ZER IKASI DUGU GAUR?

NEREA:
Kontuz ibili behar dugula edariarekin.

ANDER:
Hori bakarrik ikasi dugu?

NEREA:
Hara!, ia-ia ahaztu zait. Hitz graduatzaileak ikasi ditugu gaur: izugarri, ikaragarri, zeharo, erabat, guztiz, oso, benetan, nahiko, dezente, batere, hutsa, askoa...

ANDER:
Beste era bateko graduatzaileak ere badauzkagu euskaraz. Herrixka, txoritxo, neskatila, maiteño... txikigarriak dira atzizki horiek. Badaude handigarriak ere: liburukote edo gibelandi.

NEREA:
Horiek beste egun batean landuko ditugu, ados?

ANDER:
Hurren arte.

Hemen entzun dezakezue Joxe eta Ana alkohol zaleei egindako elkarrizketa.