«Errepresioa ikertzeko herritarren ahotsak funtsezkoak izan dira»
Irati Zurriarainek Hernanin 1936 eta 1959 urteen artean gertatutako errepresioaren eta erbestealdiaren inguruko ikerketa sakona burutu du. Liburu batean jaso du bildutako informazioa, eta helburu nagusitzat hartu du errepresioa pairatu zuten herritarrei izen-abizenak jartzea.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Irati Zurriarain historialariak Hernanin estatu kolpearen ondorioz eta frankismoaren garaian jazotako errepresioa eta erbestea ikertu ditu. Liburu batean bildu ditu testigantzak, artxiboak eta datu berriak, oroimen historikoa berreskuratzeko helburuarekin.
Hernanin 1936tik 1959ra bitartean izandako gertakari latzak jaso ditu Irati Zurriarainek bere azken liburuan. Lanaren aurkezpenean nabarmendu zuten helburu nagusietako bat izen-abizenak jartzea izan dela, sufrimendua eta errepresioa jasan zutenen aurpegiak ikusarazteko. Zurriarainek azaldu duenez, «errepresioa ikertzeko ezinbestekoa da artxiboekin eta testigantzekin lan egitea; herritarren ahotsak funtsezkoak izan dira».
Defentsa, erbestea eta isilarazitako bizitzak
Estatu kolpearen testuinguruan, Hernaniko herritarren gehiengoak errepublikaren alde egin zuen. «Herrian tentsio handia zegoen jada Errepublika garaian, eta altxamenduarekin defentsa sutsua antolatu zen», azaldu du historialariak. Santa Barbarako gotorlekua eta inguruko beste puntu estrategiko batzuk erabili ziren defentsarako.
Baina erresistentziaren ondoren, errepresioak kolpe latza ekarri zuen: «2400 herritarrek ihes egin behar izan zuten; populazioaren zati handi bat erbesteratu zen». Horietako asko Ondarretako espetxetik igaro ziren eta Ilargiko fusilatze-lekura eraman zituzten. Gorpu askoren kokapena oraindik ezezaguna da.
Bortxazko lanak eta zentsura soziala
Frankismoaren garaian, bortxazko lanak eta errepresio instituzionalizatua eguneroko errealitate bihurtu ziren. Lasarteko abiazio zelaia Hernaniko eta inguruko herritarren eskutik eraiki zen, tratu txar eta lan bortxatuen bidez. «Hernaniar bat hil zen lan baldintza horien ondorioz; ezin dugu ahaztu halako esparruak hemen ere existitu zirela».
Errepresioa ez zen bakarrik fisikoa izan. Espetxeak, erbestea eta fusilamenduak ez ezik, baita bizilagunen arteko salaketek ere utzi zuten arrastoa. «Frankismoak narrazio propioa eraiki zuen, eta horretarako herritarren testigantzak baliatu zituzten; askotan bizilagunek elkar salatu zuten», dio ikertzaileak.
Oroimenaren eta justiziaren aldeko lana
Liburuak ezagutza berriak dakartza, eta eguneroko erresistentziaren aztarnak ere agerian uzten ditu: hilerrian ezkutuan utzitako lore-sorta edo gobernadore zibilari bidalitako gutun anonimoak, besteak beste.
Azkenik, Zurriarainek azpimarratu duenez, ikerketa amaitzean hainbat galdera airean geratzen dira: «Emakumeen papera gehiago landu nezakeela sentitzen dut; oraindik badaude jaso ez ditugun historia isilak»