Adi eta Ari | Trans legea
Trans legeari buruz aritu dira NAIZ irratian Naizen elkarteko Bea Serverrekin. Atal honetan ‘aurrerapausoa’ eta ‘atzerapausoa’ hitzak landuko ditugu.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
ANDER:
Egun on, Nerea.
NEREA:
Kaixo, Ander. Zer moduz?
ANDER:
Ba... nahastuta nago. Ez dakit aurrera goazen edo atzera goazen.
NEREA:
Aurrera goaz beti, erremediorik gabe. Egun bat, eta beste bat, eta beste bat... beti aurrera. Zerk kezkatzen zaitu?
ANDER:
Trans Legea onartu zen Espainian. Eta transexualak diren pertsonak ez dituzte gaixotzat hartuko aurrerantzean.
NEREA:
Orduan aurrera goaz, dudarik gabe.
ANDER:
Erregistro Zibilean norberaren datuak aldatzeko ez da genitalak aldatu beharrik, edo ez da bi urtez hormonak hartzen aritu beharrik.
NEREA:
Generoa aldatzea errazagoa da hemendik aurrera. Beraz, aurrera goaz.
ANDER:
Hamabi urtez gorakoek eskubidea izango dute nahi duten generoa aukeratzeko. Baina haurrek ez dute eskubiderik legeaz baliatzeko.
NEREA:
Hamabi urte bete arte ezingo da generoa aldatu? Orduan ez dugu nahikoa aurreratu.
ANDER:
Bea Sever sexologoa da. Eta, gainera, Adin Txikiko Transexualen Familien Elkarteko kidea da.
NEREA:
Kexatu egingo zen haurrak kanpoan utzi dituztelako, ezta?
ANDER:
Hori bakarrik ez. Adierazi du legea ez dela organikoa, lege arrunta baizik.
NEREA:
Zer esan nahi du? Hurrengo hauteskundeetan alderdi politiko eskuindarrek irabaziz gero, atzera egin eta legea bertan behera utz dezakete?
ANDER:
Horixe! Azkar ulertu duzu.
BEA SEVER
ANDER:
Bea Severrek aurrena aurrerapausoa esan du, eta azkenean atzerapena esan du. Biak erabili ditu denbora gutxian.
NEREA:
Aurrerapausoa bi hitzen batura da. Esan nahi du pausoa aurrera ematea, edo urratsa aurrera egitea.
ANDER:
Eta justu kontrakoa da: atzerapausoa.
NEREA:
Horregatik, aurrerapena eta atzerapena hitzen parekoak dira biak.
ANDER:
Hobera egindako mugimendua da aurrerapena.
NEREA:
Baina batzuetan maila bat gorago egitea bezala ere ulertzen da.
ANDER:
Aurrerabidea ere esan liteke. Aurrera egiteko modua edo gora egiteko aukera da aurrerabidea.
NEREA:
Adibide bat ipiniko dut: «Aurrerabideek beti aldaketak ekartzen dituzte, baina aldaketa guztiak ez dira berehala ontzat ematen».
ANDER:
Aurrerakada ere erabiltzen dugu. Alegia, aurreranzko mugimendua edo urratsa.
NEREA:
Hori da: «21. mendean aurrerakada bereziak izan dira teknologiaren arloan».
ANDER:
Eta aurrerazalea da pertsona bat, pentsamoldez eta portaeraz aurrera egitearen aldekoa.
NEREA:
Aurrerakoia ere esaten da. «Ideia aurrerakoiak dituzulako jendea zurekin pixka bat beldurtu egiten da».
ANDER:
Ba, ni... atzerakoiekin beldurtzen naiz batez ere. Beti atzerapausoak ematen saiatzen den jendeak ez dit konfiantzarik sortzen.
BEA SEVER
NEREA:
Ander... Badakizu zer?
ANDER:
Bota!
NEREA:
Ni batzuetan pausoak atzera ematearen aldekoa naiz. Ez naiz guztiz aurrerazalea.
ANDER:
Bai zera! Zu neska oso modernoa zara!
NEREA:
Generoarekin eta berdintasunarekin beti aurrera egin behar genuke. Baina, adibidez, energiaren kontsumoarekin ezingo dugu beti aurrera egin. Kontaminazioaren kalteak gutxitzeko, pixka bat atzera egin beharko da.
Zer ikasi dugu gaur?
NEREA:
Argi geratu da gure gorputzaren bidez hitz egiten dugula.
ANDER:
Gure gorputzaren kokapenaren arabera, gauza batzuk gure aurrean dauzkagu eta beste gauza batzuk atzean dauzkagu.
NEREA:
Gure pentsamenduaren arabera batzuetan, gure interesen arabera besteetan, aurrera edo atzera egitea hobesten dugu.
ANDER:
Euskaraz atzera-aurrera esamoldea ere erabiltzen dugu.
NEREA:
Alde batera eta bestera ibiltzea da hori. Edo... gora eta behera ibiltzea.
ANDER:
«Gure herriak atzera-aurrera ugari izan ditu historian». Esan nahi du goraldiak eta beheraldiak izan dituela Euskal Herriak. Hau da: aldaketa handiak.
NEREA:
Egia da. Garai batzuk izan dira arazoz beteak edo nahasmenduzkoak. Gorabeherak eta atzera-aurrera pila bat bizi ditu herri honek.
ANDER:
Horregatik nago nahastuta, Nerea. Non nago ni: aurrean ala atzean?, goian ala behean?