Jesuitinas eta Jesus Maria eskolen fusioa bertan behera, eta ezjakintasuna nagusi
Bertan behera gelditu da Kristau Eskolen baitako bi eskola kontzertaturen arteko fusioa: Jesuitinak eta Jesus Maria. Erabaki honek ezbaian utzi ditu bertako ikasle eta irakasleak. ELAk 60 langileren kaleratze arriskua iragarri du. Ainhoa Tirapu izan dugu gurean, Gizalan federazioaren ordezkaria.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Jesuitinas eta Jesus Maria eskolen fusioa misterioa izan da lehen unetik. Hasiera batean esaten zuten matrikulazioarekin zerikusia zeukala, baina ez zizkieten arazoak aipatu edo datu zehatzik eman. ELA sindikatuko Ainhoa Tirapuk NAIZ Irratian kontatu duenez, «fusioa publiko egin zen unean galera egon zen eta 200 familia inguru beste zentro batzuetara lekualdatu ziren».
Fusio horren baitan, aipatu zen zentro berri bat sortuko zela, Zabalbide izenekoa, eta horretan ikasle guztiak bilduko zirela. Ez zieten argi utzi hasieran zer suposatzen zuen horrek langileentzat. Tirapuk kontatu duenez, greba mugagabea hasi zenean, bat-batean mahaigainean jarri zituzten 40 kaleratze inguru. Irakasleekin zer gertatuko den ere misterioa da. Gatazkan Hezkuntza Sailaren parte hartzea baieztatuta, bilerak ez zituzten haiekin izan, zentroetako zuzendaritzekin baizik. Datuak ez ziren ofizialak eta gardentasun eza zen nagusi, ez zieten esaten ze prozesu planteatzen zuten fusiorako.
Hain zuzen, prentsan etengabe agertu den gatazka da, eta horrek berak suposatu zuen ehunka familia horien lekualdatzea eta fusioaren aldeko apusturik ez egitea. Orain arazoa sortu da matrikulazioan, baina, dio Tirapuk, «eurek eragindakoa, nolabait». Horrekin batera, zeuden irakasleetatik %40 inguru beste zentro batzuetara joan da.
Fusioa bertan behera; ezjakintasuna goraka
Greba hasi zuten, eta orduan atera ziren datuok. Jaso duten azken informazioa, gutun batean, Jesuitasen fundazioak bertan behera utzi duela bi zentroen arteko akordioa. Idatziz ere ez dago jasota, beraz, zer gertatuko den.
Ezjakintasun horrek etorkizunerako zer espero jakin gabe uzten ditu langileak: «aurrera doa denbora eta ez dakite lanik izango duten ala ez, ez dakite ze prozesu biziko duten datozen egunetan».
Bilerak eskatu dizkiote Hezkuntza Sailari eta horrek ez du erantzunik eman, izan duten bakarra zerbitzu minimoen gorakada finkatzekoa izan da.
Gurasoen sustengua, hori bai, jaso izan dute. Familia batzuk haien alde egon dira; beste batzuk, seme-alaben ikasketak tarteko, beste modu batean hartu dute gatazka. Edonola ere, gizartearen babesa lortu dute. Azken astean bertan sinadurak biltzen egon dira, eta beste zentroetako ordezkarien babesa jasotzen.
«Garrantzitsua da langile hauentzat jakitea gizartea eta beste zentroetako langileak ere eurekin daudela, eta euren burua hain bakarrik eta informaziorik gabe ez ikustea», amaitu du Tirapuk, «ezjakintasun prozesu bat oso zaila delako osasun mentalarentzat».