2025 API. 24 - 21:00h Adi eta Ari | 'Baizkik eta' noiz eta nola erabili [3x34] Ikasgai honetan 'baizik eta' noiz erabili ikasiko dugu. Lide Hernando musikariak gidatzen du Bele egitasmoa. (IRATXE ETXEANDIA ) Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen. NAIZ irratia NEREA: Kaixo, Ander. ANDER: Kaixo! NEREA:Badakizu? Oso gustura ari naiz irakurtzen aurrekoan gomendatu zenidan liburua! ANDER: Zein? Lide Hernandoren Izotz ura? NEREA: Bai, bere lehen libururako, bi emakumeren arteko laguntasuna hartu du hizpide, eta dena musikaz inguratu du, jakina. ANDER: Banekien, bai, ez zenuela mahai gainean utziko, baizik eta laster irakurriko zenuela. NEREA: Ondo ezagutzen nauzun seinale! ANDER: Zer da orain arte gehien gustatu zaizuna? NEREA: Bi protagonisten sinesgarritasuna. Uste dut biak norbaitengan inspiratuta sortu dituela, oso naturalak dira. Edozein egunetan kalean topatzeko modukoak. ANDER: Aurrekoan, berari irratian egindako elkarrizketa bat entzun nuen eta bertan horri buruzko zerbait aipatu zuen. Entzun, entzun! AUDIOA | Lide Hernando ANDER: Saioa eta Mara pertsonaiek ba omen dituzte Lideren ezaugarriak, baina berak esan duen bezala: «ez dut inoiz azalduko zein gauza diren nireak eta zein ez, baizik eta bakarrik orokorrean Saioaren gauza batzuk nireak direla, eta Mararen gauza batzuk nireak direla». NEREA: Gehiegi biluztea litzateke hori guztia kontatzea! ANDER: Dena jakin gabe, bakoitzak irudika dezake nolakoa den benetako Lide. NEREA: Berak esan bezala, «idazte prozesua biluzte bat izan da, baina baita erantzunen bilaketa bat ere». ANDER: Lidek erantzun horretan, baizik eta egitura erabili du. NEREA: Aurkako bi ideia esaldi batean lotzeko erabiltzen dugu, eta baizik bakarrik ere ager daiteke, eta gabe. ANDER: Gaur goizean ez naiz 8:00etan esnatu, baizik eta 6:00etan. NEREA: Edota, gaur goizean ez naiz 8:00etan esnatu, 6:00etan baizik. ANDER: Seguru asko gehiago entzuN dugu baizik hitza bakarrik, baina biak dira baliokideak. NEREA: Mikel Chillidari behin entzun nion bezala «hau ez da bukaera bat, baizik eta hasiera bat». ANDER: «Egiten badut ez dut zuk esan didazulako egingo, baizik eta nik nahi dudalako». NEREA: Hartzen ditugun erabakiak guk geuk hartu beharko ditugulako! NEREA: Lidek ere erabaki asko hartu behar izan ditu liburu hau idaztean eta benetan kontrolatzen duen mundu batetik hastea erabaki du. ANDER: Horretarako baliatu du musika. AUDIOA | Lide Hernando NEREA: Txikitatik idatzi omen du, baina orain arte oso bestelako abenturak idazten zituen. ANDER: Orain, berriz, liburua musikaz inguratzea erabaki zuen, «nik dakidan horretatik hasiko naiz, benetan kontrolatzen dudan mundu batetik». ANDER: Elkarrizketan entzun dugun bezala, oso mundu ezberdinetan uler daiteke musika eta gatazkak ere sortzen ditu. NEREA: Gustura entzungo dut osorik Lideren elkarrizketa, oso kontu interesgarriak dituela iruditu zait eta! ANDER: Gero egin beharko duzu, orain gaurkoan ikasitakoa birpasatu behar dugu eta! Zer ikasi dugu gaur? NEREA: Jakina! Bi ideia kontrajartzeko, baizik eta edo baizik erabiltzen dugula ikasi dugu. ANDER: Adibidez: «Nik ez dut hori esan, Mikelek baizik.» NEREA: «Ez genuke berarekin hain zorrotzak izan behar, baizik eta leun eta jatorragoak». ANDER: «Egindakoaren erantzukizuna ez da nirea, zurea baizik». NEREA: Gaurkoaren erantzule ere biok gara, eta honaino iritsi gara. ANDER: Ez dugu orain jarraituko, baizik eta hurrengo saioan. NEREA: Bitartean, izan ongi! ANDER: Agur!