«Hasieratik argi izan genuen musika bakarrik ez zela, elementu pedagogikoa behar genuela»
Bihar, apirilak 23, abiatuko da Tolofolk musika jaialdiaren bosgarren edizioa. Zazpi kontzertu eta dokumental bat, musika herrikoia balioan jartzeko.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Aurtengoa bostgarren ekitaldia izango du Tolosako Tolofolk jaialdiak. Jeajeaka kultur elkarteko kideek pandemia bete-betean gauzatu zuten lehen aldiz buruan bueltaka zerabilten ideia eta egonkortu egin da urteekin, pazko astearen bueltan hitzordu ezinbesteko bihurtu arte. Ez zen erronka erraza, Tolosako herriak duen ekintza kulturalen baitan tartea topatzea. Askok, sasi-opor giroko data hauetan jaialdiak arrakastarik izango ez zuela ere pentsatuko zuten, baina Tolofolk gutizia da. Eta publikoak ulertu du hori.
«Lau lagun gara, erabat modu boluntarioan lan egiten duena eta beraz, honek zentzua dauka bakar-bakarrik ondo pasatzen badugu» kontatu digu Manex Urruzola antolakuntzako kideak.
Bihar, asteazkena, abiatuko da balio antropologiko kalkulaezina duen ia mende erdi duen dokumental batekin, 'Euskal Herri-Musika' (Fernando Larruquert, 1978). «Hasieratik argi izan genuen musika bakarrik ez zela, elementu pedagogikoa behar genuela». Horixe izango da dokumentala. «Kopia zahar bat zegoen, baina itzalean egon da dokumentala; Filmotekak digitalizatu zuen kopia hori lehenengo aldiz proiektatuko da Tolofolken» diote.
Hainbat hitzorduren ostean, errepikaezina izango den neurrira antolatutako kontzertu batekin amaituko da jaialdia igandean. Aurtengo edizio hau aletzeko, gurekin izan ditugu Xanti Nazabal eta Manex Urruzola.